Ekintzek balio dute; edo ekintzetan oinarritutako iritziek. Iritzi soilek ez baitute indarrik, ekintza edo gertaera jakin bat oinarri ez badute. Tourreko lehen bederatzi egunetan hainbat ekintza, fact, ikusi ditugu, eta horien ondorioak aipatzeko ariketa saiakera da analisi hau. Beti ere, eta esan bezala, ekintzak sakratuak direla aintzat hartuz, eta iritziak, aldiz, hori: iritziak. Ukaezina baita Tourra Euskal Herrian hasi izana arrakasta handia izan dela. 600.000 lagun pasa errepideetan ikurrina astintzen, munduari nor eta zer garen erakusten. Pirinioetako bi etapa ikusgarriak etorri ziren gero. Pogacar eta Vingegaard muturrekoka, Philipsenen triptikoa, eta Mark Cavendishen agurra. Gauza asko, egun gutxitan. Eta geratzen direnak... Hamahiru egun luze, Eliseoko Zelaietara iristeko.
Ekintzak: Euskal Herriko hasiera. Itzela. Historikoa. Ekintzak. Erakusleiho hoberik ez du izango gure aberriak. Txirrindularitza herria. Merezi du? Iritzia. Ba bai. Garestia da, esango dute batzuk. Baita. Euskal Herria munduan barrena ikusi da, ezagutu gaituzte, ezagutzen ez bagintuzten. Halako oihartzun mediatikorik nekez izango du urte luzetan Euskal Herriak, beraz, gozatu bizitakoarekin.
Kirol ekintzak: a zer dema Tadej Pogacarren eta Jonas Vingegaarden artean. Vingegaarden eta Pogacarren artean esan beharko genuke, errespetuz jokatze aldera, danimarkarra baita lider. 17 segundoko errenta txikiarekin. Zenbat pisatzen dute 17 segundok? 17 segundo horiek nola pilatu dituen Jumbo taldeko liderrak? Euskal Herrian Pogacarrek Vingegaard jango zuela zirudielako Piken eta Jaizkibelen, gainsariak lortuz. Eta Marie-Blanque hormatzarrean gora, ttak, danimarkarrak danba! Astindua eta Pogacar larri, gutxitan bezala. 1.02 sartu zizkion Vingegaardek Laruntzen.
Alarma UAE taldean. Poz neurrikoa Jumbon. Eta Tourmalet hurrengo egunean. Facts. Ekintzak. Egurra Jumbok, eutsi Pogacarrek, eta ttak, esloveniarraren kolpea mahai gainean Cauteretsen. 25 segundo zakura. Zalantzak Jumborenak, orduan. Poza, neurrikoa hori ere, UAEn. Puy de Dome mitikoaren zain. Eta Erdialdeko Mendiguneko sumendi itzali hartan, berdinketa xake partida zurrunean. Jumbok lan eta Pogacarrek jan nahi izan zuen, eta jan bazuen ere, gosez geratu ote zen... (Iritzia). 8 segundo gauza gutxi baitira, baina badira.
Eta orain zer? Nor dago hobeto, indartsuago? Pogacar jaiki da, eta ez zirudien erraza. Baina Vingegaardek ere eutsi zion atzo Puy de Domen gora, eta ez zen erraza, Cauteretsen kale egin ostean. Iritziak. Itxuraz, Pogacarren lehen eraso kolpea eutsi ezina, jarrai ezina egiten zaio Vingegaardi, baina irauten du, esloveniarrarengandik metro gutxira. Itxuraz, etapa gogortzen denean, Pogacarrek komeria gehiago ditu Vingegaardi eusteko. Hala gertatu zen Zuberoan barrena Zurdaite igo zuten egunean. Tourmaletekoa, aldiz, ez zen hain gogorra izan. Sepp Kussek ere asko dauka esateko. Durango Kidek egun ona duenean, Pogacarrek berak ere sufritu egiten du. Marie Blanquen gora ikusi zen. Puy de Domen ez zen fin ibili Coloradokoa, eta Vingegaardek ez zuen erasotzeko aukerarik izan. Ekintzak eta iritziak, partekatuak, azken esaldi hauetan.
Beroak eraginik ba ote du, Pogacarren eta Vingegaarden errendimenduan? Itxuraz, hobexeago jasaten ote duen danimarkarrak. Hori iritzia, ez baitago datu zehatzik. Ze eragin izango du talde lanak? Jumbok lasterketa lehertzeko lana egin, egiten duelako, baina Pogacar lan horri etekina ateratzen abila da, eta Jumbok ez du nahi taldea lehertu, uzta aurkari zuzenak ateratzeko. UAEren jardunaren inguruan, egitatea: Jumbo baino askoz makalago ibili da mendian gora, Pogacarrek hori sobera nabaritu ez badu ere.
Ekintzak: erne hurrengo hiru etapekin Erdialdeko Mendikatean. Sekulako salda espero da, trumoia ere bai bihar, eta Frantzia erdialdeko terrenoa gaiztoetan gaiztoa da; Euskal Herrikoa bezala, atsedenik gabekoa, baina asfaltoan arrautzak frijitzen ariko balira bezala.
Momentuz, berdinketa teknikoa. Ekintza.