Uxue Etxeberria: "Denboraldi zaila izan dut, eta horrela bukatzea pozgarria da"

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 12a, 10:45

Uxue Etxeberria Azpeitiko igerilekuan. (Utzitakoa)

Uxue Etxeberria (Azpeitia, 2004) igerilariak hiru domina eskuratu berri ditu udako Euskal Herriko Txapelketan: urrezkoak 100 metro bular eta 200 metro estilo probetan eta zilarrezkoa 200 metro bular proban. Absolutuen mailan lehiatu zen asteburuan Gasteizen, eta Espainiako Txapelketarako txartelik lortu ez badu ere, gustura da egindako lanarekin. Harekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Hiru domina lortu dituzu Euskal Herriko Txapelketan. Gustura al zaude emaitzekin?

Lortutako dominekin eta sailkapeneko postuekin baino, txapelketari aurre egiteko izan dudan jarrerarekin nago gustura. Izan ere, nahiko zalantza izan nituen txapelketara joan edo ez, mentalki ez nengoelako oso ondo. Bezperan oraindik ere zalantzak nituen, baina joan egingo nintzela erabaki nuen. Pixkanaka-pixkanaka probak egiten aritu nintzen, eta nahiko ondo joan zirela esango nuke.

Espero al zenuen hiru domina lortzerik?

Ez nuen inondik ere espero. Batere espektatibarik gabe joan nintzen lehiara, denboraldiko azken txapelketa izanik, disfrutatzea nahi nuelako. Aurrez ez nuen pentsatu dominekin, baina lehen proban urrezkoa lortu nuen. Egia esan, harritu egin nintzen; izan ere, nahiz eta denbora onenarekin atera, aurten ez nintzen hain sasoiko sentitzen. Dena den, lehen domina eskuratuta, motibatu egin nintzen, eta lanak zentratuta egiten segitzen saiatu.

Denboraldia bukatzeko ginga izan al dira emaitza horiek?

Ez dakit. Denboraldi zaila izan dut, eta horrela bukatzea pozgarria da. Bestalde, pena ematen dit Espainiako Txapelketara ez joateak. Txapelketa horretan aritzea eta han lan ona egitea izango litzateke ginga jartzea.

Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Orain arteko desberdinena izan da, aurten unibertsitate ikasketak hasi ditudalako eta ez delako erraza izan dena ondo antolatzea. Entrenamendu saio denak betetzea zaila egin zait, eta horrek asko eragin dit osasun mentalean; abendutik aurrera beherakada handia izan nuen. Dena den, orain ikusi dut errekuperatzen hasi naizela.

Zer azpimarratuko zenuke?

Igeriak eman didan ezagutza pertsonala azpimarratuko nuke. Izan ere, jabetu naiz gauzak oso zail jarrita ere, kapaz naizela gustuko dudan horri aurre egiteko. Horrekin oso gustura nago.

Espainiako Txapelketan ez duzu parte hartuko aurten. Zergatik?

Nire erabakia izan da. Euskal Herrikoaren bezperan erabaki nuen ez naizela joango, presio bat gutxiago sentitzen dudalako horrela. Izatez aukera banuen, denboraldian egin ditudalako txapelketa horretan parte hartzeko markak, baina ez dut parte hartuko denboraldia oso luzea egiten ari zaidalako. Gogorra izan da, eta mentalki ez nago prest beste hilabetez txapelketa garrantzitsu horretara joateko prestatzen jarraitzeko. Nahiago izan dut gelditzea eta datorren denboraldian gogo handiagoarekin hastea.

Datorren denboraldira begira zer helburu dituzu?

Anbizio handiko pertsona naizenez, gustatuko litzaidake denborak hobetzen segitzea, baita podiumean mantentzea ere. Eta batez ere, nahiko nuke Espainiako Txapelketara joatea, eta ahal bada, finalen batean parte hartzeko aukera izatea.

Izarraitzen urteak daramatzazu. Zer moduz?

Oso-oso gustura nago taldearekin. Erraztasunak eskaintzen dizkigu taldeak, eta asko baloratzen dut klubak egiten duen esfortzu ekonomikoa; izan ere, adibidez, hiru urtetan Aste Santuan kanpora joan gara entrenatzera. Nazioarteko txapelketetara ere joan izan gara lehiara, eta horrek asko eragiten du talde baten maila.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide