Marea Arroxak dagoeneko zabaldu du XII. Bakailao Txapelketan izena emateko epea. Ohiko legez, abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenean, egingo dute txapelketa plazan, eta parte hartu nahi duten herritarrek Sanagustin kulturgunean zein Jim Clark, Haginpe eta Korrale tabernetan eman dezakete izena, baita udaleko Kultura Sailean ere –943-15 70 68 telefono zenbakira deituta–.
Ohiko formatua izango du txapelketak, eta aurten ere egingo dute lehiaren osteko bazkaria. Dena den, txapelketako parte hartzaileek soilik joan ahal izango dute otordura. Marea Arroxako kideek azaldu dutenez, parte hartzaile bakoitzak prestatutako bakailaoa bere ingurukoekin partekatu ahal izango du.
Lehian, gehienez, 40 taldek parte hartu ahal izango dute, eta aurten ere norbanako edo elkarte gisa eman ahal izango dute herritarrek izena. Hau da, soziedaderen bat ordezkatzeko aukera ere izango dute horiek. Izena emateko epea uztailaren 27an itxiko dute txapelketaren antolatzaileek.
Hainbat sari
Parte hartzaileek kilo bat bakailao prestatu beharko dute 11:00etan hasita –10:45erako plazan egon beharko dute parte hartzaileek–, eta 40 minutu izango dituzte horretarako. Antolatzaileek banatuko dituzte bakailaoa, baratzuria eta olioa parte hartzaileen artean, eta sua ere haiek jarriko dute. Dena den, gainerako gauzak –kazuela, goilarea, perrexila...– bakoitzak eraman beharko ditu plazara. Prestaketa lanak bi minutuz behin hasiko dituzte parte hartzaileek.
Txapelketa bukatzean sari banaketa ekitaldia egingo dute. Aurten ere lau sari banatuko dituzte: irabazleak txapelak eta lau lagunentzat Kiruri jatetxean otordua eskuratuko ditu; bigarrenak kriantza ardo botila bat eta bi txuleta; eta hirugarrenak Sakona etxalde ekologikoko produktuz osatutako otarrea. Horiez gain, elkarte irabazlearen saria ere banatuko dute, eta irabazleek txapelketako goilare erraldoia eskuratuko dute.
Eguerdian bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Entsalada eta bakoitzak prestatutako bakailaoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek, eta postrean, gazta eta menbrilloa eskainiko ditu Marea Arroxak. Otordua hogei euro ordaindu beharko dute landunek, eta langabeek, berriz, hamabost euro. Prestatutako bakailaoa etxera eraman nahi duten partaideek, berriz, 60 euro ordaindu beharko dute.