Siesta ederra botako zenuten askok Tourreko etapa aspergarria ikusten... Normala, egunero ezin baita kabiarra jan! Atzoko etapa ikusgarriari etapa zozoak eman dio segida, baina aurreikusteko modukoa zen: zailtasun orografiko gutxi, nekea, eta esprinterren taldeek akaso Parisera iritsi aurretik izan dezaketen azken aukera probesteko nahia. Hiru laguneko ihesaldia osatu da etapa hasi eta berehala, baina Louvel, Amador eta Daniel Ossen ahalegina oharkabean ito da. Oss suitzarrak iraun du gehien, helmugatik 13 kilometrora harrapatu baitute. Tropelak nahi izan duen arte.
Oilarrek, eta tropel ia osoak, indarrak gorde dituzte datorrenari begira. Esprinterren taldeek egin dute jazarpen lana, eta azken 10 kilometroetan bideratzaileek piztu dute sua. Trumoi euriak itzali duen sua, etapa hondarrean zaparrada potoko batzuk bota baititu Tourra ibili den parajeetan. Esprintean laugarren etapa garaipena lortu du Jasper Philipsenek, Groenewegenen eta Bauhausen aurretik. Gaurkoan, gainera, Mathieu Van der Poelen bideratzaile laguntzarik gabe lortu du Alpecin taldekoak. Esprinter indartsuena da, eta askogatik.
Bihar hamabigarren etapa osatuko du tropelak, eta belarriak tente izanen dituzte etapa ehiztari guztiek martxan hasi aurretik. Astearteko etaparen antzekoa baita biharkoa ere. 3.000 metroko desnibel metatua, eta atsedenik apenas ez Roanne eta Belleville-en-Beaujolais herrien artean (168,8 kilometro). Hirugarren mailako hiru mendate eta bigarren mailako beste bi dituzte bidean, azken biak zailenak. Azkena, Col de la Croix Rosier, helmugatik 27 kilometrora bakarrik dago, eta mina egingo du: 5,3 kilometro eta %7,6ko batez bestekoa. Pankartapean, gainera, gainsariak egongo dira jokoan.