Biele Groupen 50. urteurrena ospatuko dute larunbatean

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 13a, 15:37

Bieleren Azpeitiko lantegia, kanpotik. (Biele Group)

50 urte bete dira Tomas Letamendiak eta Julian Lazkanok Biele enpresa sortu zutenetik. Urtemuga borobila ospatzeko, zapatuan lantegiaren ateak irekiko dituzte, bertako langileen familiek enpresa barrutik ezagutzeko. Era berean, aisialdirako askotariko ekintzak izango dira egunean zehar lantegiaren atarian.

50 urte bete ditu Biele Group enpresak, eta larunbatean ospatuko dute urteurren borobila. Duela bost hamarkada ireki zuten lantegia Tomas Letamendiak eta Julian Lazkanok, eta hori oroituz, egindako bidea ospatzeko tartea hartuko dute larunbatean; izan ere, Bieleko langileei eta haien familiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte urtemuga ospatzeko.

"50. urteurrenak ospakizun berezia merezi duenez, asteburu honetan Bieleko langile eta familientzat festa handi bat antolatu dugu. Alde batetik, Bieleko ateak irekiko ditugu familiek enpresa ezagutu dezaten; eta, bestetik, festa giroan ibiliko gara egun osorako jarduera desberdinak antolatu baititugu", azaldu dute Bieleko ordezkariek. Ekintza guztiak Bielek Urrestillako Larrañaga Industriagunean duen lantegiaren atarian egingo dituzte.

1973. urtean sortu zuten Biele Letamendiak eta Lazkanok, eta orduz geroztik asko hazi den enpresa da. Lehen Biele zena, orain Biele Group da, eta bost instalazio edo egoitza ditu munduko hainbat txokotan, tartean AEBn eta Txinan. Egur, metal, eraikuntza eta automobilgintza industrian egiten du lan Bielek. Enpresako ordezkariek azaldu dutenez, "gaur egun, 250 pertsonako taldeak osatzen du Biele Group, eta mundu osoan zehar saltzen ditu proiektuak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide