XIX. eta XX. mendeetako musikarien doinuekin hasi da Udako Musika Printzak egitasmoaren hirugarren aldia

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 14a, 10:38

Atzo hasi zen Udako Musika Printzak, Claudia Alduntzin klarinete jotzaile andoaindarraren eta Ignacio Arakistain pianista azpeitiarraren emanaldiarekin.  XIX. eta XX. mendeetako musikarien doinuz osatutako emanaldia eskaini zuten Alduntzinek eta Arakistainek, eta, besteak beste, Schumann, Poulenc eta Horovitz-en lanak eskaini zituzten. 

Hasi da musika klasikoa herriko txoko esanguratsuetara eramatea xede duen Udako Musika Printzak egitasmoaren hirugarren edizioa. Atzo, ostegunez, hasi zen aurtengo aldia, Frantziskanetako elizaren atarian. Ignacio Arakistain pianista azpeitiarra eta Claudia Alduntzin klarinete jotzaile andoaindarra izan ziren atzoko protagonistak, eta haiek XIX. eta XX. mendeetako musikarien doinuak eskaini zituzten. 21:00etan hasi zen emanaldia, eta kontzertuan zehar Schumann, Poulenc eta Horovitz-en lanak eskaini zituzten beste batzuen artean. 

Bigarren emanaldia, berriz, igandean izango da, 19:00etatik aurrera. Astigarragako eta Donostialdeko Eragiyok abesbatzako kideek eskainiko dute kontzertua, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Hamabost-hogei gizonez abesbatzak euskal folklorea eta musika klasikoa eramango dituzte parrokira. Vicente Goikoetxearen Missa in honorem Immac Concept lana interpretatuko dute. Emanaldiaren bigarren zatian, Ignacio Arakistain organo jotzailea lagun dutela, euskal folklorearen ikur izan ziren Sabin Salaberriren, Jesus Guridiren eta Luis Aranbururen lanak eskainiko dituzte.

Hirugarren eta azken saioa uztailaren 22an, larunbatez, izango da Loiolako basilikan (20:30). Egun horretan, Zure eskutik mundurantz ekitaldi artistikoa izango da ikusgai, Pablo Soraluze eskultore azpeitiarraren lana ardatz duen topaketa. Juan Kruz Igerabide idazleak interpretazioa egingo du isiltasunaz, barnekotasunaz eta bizitzako zalantzez nahiz zidorrez.

(Argazkiak: Mireia Galarza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide