Telefonica berrituko beheko solairuaren lagapena hitzartu dute udalak eta Atzegik

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 16a, 09:13

Mitxel Lakunza, Nagore Alkorta eta Esther Olaizola, Azpeitiko Udalak eta Atzegik egin duten hitzarmenaren sinaketan. (Azpeitiko Udala)

Atzegik uztailaren 28an inauguratuko du Perez Arregi 1eko egoitza berria, eta herritarrak bertara joateko gonbita egin du desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak. Telefonica zaharreko eraikin berrituaren beheko solairu osoa hartzen du 130 metro koadroko lokalak.

Perdillegi kaleko 1. zenbakian izan duena utzi, eta Perez Arregi plazako 1. zenbakian, udalak guztiz eraberritu duen Telefonica zaharraren eraikinean, izango du aurki Azpeitiko egoitza Atzegik, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak.

Egoitza berria lagapenean emango dio Atzegiri Azpeitiko Udalak, eta lagapen hori gauzatzeko hitzarmena sinatu dute bi erakundeek; Nagore Alkorta alkateak, Mitxel Lakunza Atzegiren zuzendariak eta Esther Olaizola elkartearen eskualdeko arduradunak parte hartu zuten sinaketan. Hitzarmena sinatzerakoan, Atzegiri eskerrak eman zizkion Alkortak, elkarteak desgaitasuna duten eta haien familien alde egiten duen "lan isil izugarria" aitortuz. "Azpeitia denontzat eta anitza dela esateaz gain, zuena bezalako elkarteen bidez egiten dugu", esan zien alkateak Atzegiren ordezkariei. Era berean, Atzegiren "zerbitzuak herrian bertan izatearen garrantzia ere azpimarratu" nahi izan zuen alkateak: "Desgaitasuna duten azpeitiarren eta beren familien bizi kalitatea hobetzeko Atzegi bezalako zerbitzuak herrian bertan izatea guretzat garrantzitsua d,a eta aurrera begira elkarlanean jarraitzeko konpromisoa dugu".

Perdillegin adinekoentzako zentro berria eraikiko dute, eta besteak beste, Atzegik, Euskara Patronatuak eta Juan Antxieta musika eskolak erabiltzen duten eraikina botako dute horretarako. Hiru erakunde horiek lekuz aldatuko dira: musika eskolak Soreasuko kulturgunean izango du egoitza berria, eta Euskara Patronatuak eta Udal Euskaltegiak, Atzegik bezala, Telefonicarena izandako eraikin eraberrituan.

Inaugurazioa, uztailaren 28an

Udalarekin lagapenerako hitzarmena sinatzearekin bat iragarri du Atzegik Perez Arregiko egoitza berriaren inaugurazio data. Uztailaren 28an, ostirala, 19:00etan inauguratuko dute lokal berria. Herritar guztiei egin die lokalaren irekieran parte hartzeko gonbita Atzegik. "Esker onez eta gogotsu" hartu dute Atzegikoek aurrerantzean elkarteko kide, lagun eta familien bilgune berria izango den lokala, eta bertatik jarraituko duten desgaitasun intelektuala duten pertsonen errealitatea hobetzeko lanean.

Udalak eman ditu Atzegiren lokal berrian xehetasunak. Telefonica zaharra eraikineko beheko solairu osoa hartzen du Atzegiren egoitza berriak. 130 metro koadro ditu, eta Perez Arregi plazatik izango du sarrera, eraikin horren betiko sarrerako arkutik, hain zuzen. "Sartu eta alde batean (hego-ekialdean), sukalde-jangela izango du, eta gainontzeko espazioetatik banantzeko aukera eskaintzen du, horrela nahi duten kasuetan. Erdikaleko frontean, egongela dago; proiekzioetarako gunea eta egoteko gunea izatea aurreikusten da bertan. Egongelaren espazio hori ere gainontzeko espazioetatik banantzeko modua izango da. Egoitzaren erdialdean, ate inguruan, mahaigunea kokatu dute, erabiltzaileen jokoetarako eta elkarbizitzarako zein gurasoen bileretarako aproposa izango dena. Gune nagusi horietarako espaziorik ahalik eta garbien eta jarraiena bilatu da, banaketa elementu finkorik gabe eta garaiera erabilgarri ahalik eta handiena mantenduz", azaldu du udalak Atzegiren lokalaren banaketa eta antolaketa.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide