Santioak eta saninazioak 2023

"Punta-puntako" errekortariak ariko dira Santio egunez Azpeitian, Use buru dutela

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 15a, 19:21

Zezen Beltzeko kideak zezen plazan, gaur, errekortarien txapelketako kartelekin. (Zezen Beltz)

Gaur jarri dituzte salgai Zezen Beltzek eta Toropasionek antolatuta uztailaren 25ean zezen plazan 18:00etan jokatuko den txapelketa ikusteko sarrerak.

Zezen Beltzek gaur aurkeztu du Santio egunez 18:00etan hasita zezen plazan jokatuko den Azpeitiko Errekortari Txapelketa. Azpeitiko zezenzale elkarteak eta Toropasionek elkarlanean antolatutako saioak aurreko urteetakoen egitura bera izango du. Hamabi errekortari lehiatuko dira kanporaketa fasean, lau multzotan banatuta, eta multzo bakoitzeko onena sailkatuko da lauko final handia jokatzeko.

Azpeitian bost aldiz txapela jantzitako Eusebio Sacristan Use seigarrenaren bila etorriko da aurten; iaz ere Usek irabazi zuen Azpeitiko saioa. Espainiatik eta Herrialde Katalanetatik etorritakoekin Euskal Herriko hiru errekortari lehiatuko dira aurten: Aaron Grande iruindarra, Soraluzeko (Gipuzkoa) Gorka Santamaria eta Ander Gallastegi durangarra (Bizkaia). Hau da uztailaren 25ean lehiatuko diren errekortari guztien zerrenda:

  • Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia). Espainiako txapelduna 2016, 2017 eta 2018an.
  • Paquito Murillo Humanes (Madril). Bi aldiz txapeldun Iruñean, Azpeitian txapeldun hiru urtez.
  • Javier Hernandiz. Gaur egungo Espainiako txapelduna.
  • Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril). Espainiako txapelduna hiru aldiz, eta bost aldiz txapeldun Madrilen.
  • Aaron Grande (Iruñea). Espainiako txapeldun hiru aldiz, lau aldiz txapeldun Bilbon, behin Iruñean, eta Errekortari Liga irabazitakoa.
  • Pablo Martin Guindi (La Pedraja de Portillo, Valladolid, Espainia). 2019an irabazle Azpeitian (Usek eta biek partekatu zuten garaipena).
  • Gorka Santamaria (Soraluze, Gipuzkoa).
  • Ander Gallastegui (Durango, Bizkaia).
  • David Ramirez Peque (Arganda del Rey, Madril).
  • Juan Carlos Garcia Juancar.
  • Mario Alcaide.
  • Jose Maria Carreras Misu.

Sarrerak, gaurtik salgai

Gaur hasi dira aurtengo Errekortari Txapelketarako aurreneko sarrerak saltzen. Hain zuzen ere, numeratu gabeko sarrerak dira gaur hasita eros daitezkeenak. Numeratutakoak, berriz, uztailaren 21ean, 22an, 24an eta 25ean salduko dituzte.

Hemen, errekortarien saiorako sarreren informazio osoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide