Berdinketa

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2023ko uzt. 15a, 20:57

(Aiurri.eus)

Etapa ikusgarria eta lehiatua eskaini dute Vingegaardek eta Pogacarrek, baina segundo bakarreko errentarekin erabaki da; hori bai, liderraren alde, Joux Planeko gainsarien esprintean danimarkarra nagusitu baita. Carlos Rodriguez espainiarrak irabazi du Morzinen.

Xake partidak xake-matetik urrun segitzen du. Berdinketa teknikoa utzi du Joux Plane mendate gogorrak, eta zalantzak, ziurgabetasunak, indarrean jarraituko du biharko egunez. Hori gutxienez, litekeena baita astearte edo asteazkenera arte luzatzea. Izan ere, berdinketa erabatekoa da Vingegaard liderraren eta Pogacarren artean. Egia da danimarkarrak tortillari buelta eman diola apur bat, Pogacarri bere terrenoan irabaz diezaiokeela erakutsiz, baina esloveniarrak garesti salduko du bere porrota, saltzen badu. Buruz buru puntuak irabazi ditu Vingegaardek, baina talde mailan, Jumbo gaur galtzaile izan da, etapa osoan lana egin eta eraman duen uzta eskasa izan baita. Are gehiago, Vingegaarden iragarritako erasorik ez da gertatu, eta gorriak ikusi ditu Pogacarren erasoa ezerezean uzteko.

Pogacar bera izan delako erasoa jo duen bakarra. Kuss oso garaiz geratu da bakarrik, eta Adam Yatesek aise utzi du jokoz kanpo estatubatuarra, buruan jarrita. Joux Plane gainetik 3,5era jo du erasoa Pogacarrek. Vingegaard askatu du, baina liderrak berean segitu du, 3-5 segundoko tartera. Taktikoki aparta izan da une hori, sokatira dema nork irabazi. Eta Vingegaardek irabazi du, Pogacarekin bat egin duelako, esloveniarrak bete samar zirudiela. Vingegaard Pogacaren gurpilean geratu da, pankartapeko esprintaren zain, eta Pogacarrek hanka batekin irabazi behar zuela zirudienean, ttak, liderrak irabazi du, gainsariak poltsikoratuz. Haserretu egin da Pogacar, eta zauritutako basurdearen pare erantzun. Egoskor, Carlos Rodriguez atzetik zetorrela jabetu ere ez da egin, eta ihes egiten utzi dio jaitsieran espainiarrari, hark etapa irabaziz.

Vingegaard pozik zen Rodriguez aurretik zihoala, gainsari uzta apalagoa, zelako bi oilarren arteko jokoan. Helmugako esprinta irabazi beharra zeukan bai edo bai Pogacarrek, eta hala egin du, Joux Planen galdutakoak berreskuratuz ia: segundo bat gutxiago. Pogacar 10 segundora dago orain nagusian, eta bihar berriro gainsariak poltsikoratzen saiatuko da, bestela Vingegaard atzeratzeko komeriak dituela agerikoa baita. Biharkoa ere etapa gogorra da, Mont Blanc mendate puskaren ingurumarian. 180 kilometro, 3.800 metroko desnibel metatua, eta menuan bost mendate: lehen mailako hiru, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako beste bat. Helmuga 10 kilometroko mendate gogorrean dago: 10 km. eta %8ko batez bestekoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide