Munoaundi herri harresituan bisita gidatua eskainiko dute zapatuan

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 17a, 09:36

Munoaundiko irudi bat.

Azpeitia eta Azkoitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua bisitatzeko aukera izango dute herritarrek 11:00etatik aurrera. Bisita doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek 11:00etarako joan beharko dute Abaraxka aterpetxera. Aurten ere ari dira indusketak egiten Munoaundi aztarnategian.

Azpeitia eta Azkoitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua bisitatzeko aukera izango dute herritarrek aurten ere. Urtero legez, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek herrixka gotortuan bisita antolatu dute, eta datorren larunbatean izango da. 11:00etatik aurrera egingo dute doako bisita, eta parte hartu nahi dutenek 11:00etarako joan beharko dute Azkoitiko Abaraxka aterpetxearen atarira.

Abaraxkatik herri harresitura oinez joango dira herritarrak, 25-30 minutuko bidea eginez. Munoaundira iristean, berriz, bisita gidatuaz gozatu ahal izango dute, Aranzadiko kide eta Munoaundi aztarnategiko arduradun Antxoka Martinezek gidatuta –euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko ditu hark azalpenak–. Saioa bukatzean oinez itzuliko dira parte hartzaileak berriro Abaraxkara.

Dena den, oinez iristeko zailtasunak dituzten herritarrentzat ibilgailuak jarriko dituzte antolatzaileek. Horiek Abaraxkatik Munoaundira ibilgailuz joateko aukera izango dute. Bisitara joaten diren herritarrei mendiko botak edo mendiko zapatilak, jaka eta ura eramatea gomendatu diete saioaren sustatzaileek.

Aurten ere ari dira indusketak egiten Munoaundi aztarnategian. Hain zuzen ere, uztailaren 10ean hasi ziren egiteko horretan eta hilaren 29ra arte jardungo dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide