Eragiyok abesbatzak parrokira eraman ditu Udako Musika Printzak

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 17a, 09:41

Lehen zatian, Vicente Goikoetxearen Missa in honorem Immac Concept lana interpretatu dute. Emanaldiaren bigarren zatian, berriz, Ignacio Arakistain organo jotzailea lagun dutela, euskal folklorearen ikur izan ziren Sabin Salaberriren, Jesus Guridiren eta Luis Aranbururen lanak eskaini dituzte. Egitasmoaren barruko hirugarren emanaldia igandean izango da, 20:30ean hasita, Loiolako basilikan.

Musika klasikoa herriko txoko esanguratsuetara eramatea xede duen Udako Musika Printzak egitasmoaren hirugarren edizioa abian da, eta hain zuzen ere, atzo arratsaldean izan zen bigarren emanaldia. 19:00etatik hasita, Astigarragako eta Donostialdeko Eragiyok abesbatzako kideek kontzertua eskaini zuten Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

Hamabost-hogei gizonez osatutako abesbatzak euskal folklorea eta musika klasikoa eraman zituzten parrokira. Lehen zatian, Vicente Goikoetxearen Missa in honorem Immac Concept lana interpretatu zuten, korutik. Emanaldiaren bigarren zatian, Ignacio Arakistain organo jotzailea lagun zutela, euskal folklorearen ikur izan ziren Sabin Salaberriren, Jesus Guridiren eta Luis Aranbururen lanak eskaini zituzten, altaretik.

Udako Musika Printzak egitasmoaren barruko lehen emanaldia ostegunean izan zen, eta hirugarren eta azken saioa uztailaren 22an, larunbatez, izango da Loiolako basilikan (20:30). Egun horretan, Zure eskutik mundurantz ekitaldi artistikoa izango da ikusgai, Pablo Soraluze eskultore azpeitiarraren lana ardatz duen topaketa. Juan Kruz Igerabide idazleak interpretazioa egingo du isiltasunaz, barnekotasunaz eta bizitzako zalantzez nahiz zidorrez.

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Gorka Eizagirre)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide