Elene Viles Realeko lehen taldearekin ariko da datorren denboraldian

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 17a, 12:49

Elene Viles partida batean. (Reala)

Gaur eman du horren berri talde txuri-urdinak; klubak jakinarazi duenez, aurrerantzean emakumeen lehen taldearen dinamikan ariko da erdilari azpeitiarra. Orain arte bigarren taldeko kide izan bada ere, 2021eko irailean egin zuen lehen taldearekin debuta.

Elene Viles erdilari azpeitiarra Realaren lehen taldean ariko da datorren denboraldian. Gaur eman du horren berri talde txuri-urdinak; klubak jakinarazi duenez, aurrerantzean emakumeen lehen taldearen dinamikan ariko da Viles.

2018an iritsi zen azpeitiarra Lagun Onaketik Realera, Haizea Urangarekin eta Mirari Uriarekin batera. Orain arte bigarren taldean aritu da Viles, nahiz eta txapelketa batzuetako partidaren bat edo beste ere jokatu dituen lehen taldearekin –Euskal Herria Kopako finala iaz, adibidez–. Lehen taldearekin debuta, berriz, 2021eko irailean egin zuen, Valentziaren kontra.

Datorren denboraldian, beraz, bi azpeitiarrek jokatuko dute Realaren lehen taldean: 2021etik talde horretako kide den Mirari Uriak eta Vilesek.

Honako hau da Realak sare sozialetan argitaratu duen bideoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide