Santioak eta saninazioak 2023

Erraldoiak eta festa arroxa, umeen gozagarri

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 21a, 19:21

Hainbat erraldoi plazan, iazko Umeen Egunean.

Egun osoan zehar, umeak eta gaztetxoak izango dira protagonista, eta horiek ez dute festaz gozatzeko aitzakiarik faltako. Erraldoien desfilea, haurren eta gaztetxoen bazkaria, jolasak eta DJ emanaldia izango dira, besteren artean.

Bihar hasiko dira Azpeitiko festak, Umeen Egunarekin. Egun osoan zehar, umeak eta gaztetxoak izango dira protagonista, eta horiek ez dute festaz gozatzeko aitzakiarik faltako. Izan ere, ohiko moduan, erraldoien desfilea, haurren eta gaztetxoen bazkaria, jolasak eta DJ emanaldia izango dira, besteren artean. Haurrei, gainera, baserritarrez jantzita kalera ateratzeko deia egin die udalak.

Goizean hasiko dituzte ekitaldiak Itsasi dantza taldeak antolatutako umeen korporazio txikiarekin. Goiz eresia egingo dute 11:00etan hasita, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Musika Banda Gazteak lagunduta. 12:00etan, berriz, erraldoien txanda izango da: aurrena dantza saioa egingo dute, eta ondoren, sari banaketa. Segidan egingo dute kalejira hainbat herritako erraldoiek: Azkoitikoek, Bergarakoek, Zarauzkoek, Elgoibarkoek, Txantreakoek, Urduñakoek, Errotxapeakoek, Iruñekoek, Irungoek, Añorgakoek, Hernanikoek, Buztintxurikoek, Barañaingoek, Tafallakoek, Mendillorrikoek, Zizur Nagusikoek eta Azpeitikoek.

Egurdian, berriz, Marea Arroxak antolatutako ekitaldien txanda izango da. 13:30ean elkartuko dira ekintzetarako izena emanda dauden 260 haurrak eta begiraleak, eta bazkaria egingo dute 14:00etan, Azoka Plazan. Gero jolasak eta kalejira egingo dituzte.

Handik aurrera, berriz, musika emanaldien txanda izango da. 18.00etan hasita, Oihan Vega DJaren saioa izango da plazan, eta 22:30ean, Nogen taldearen kontzertua Perez Arregi plazan.

Hona hemen Umeen Eguneko egitaraua:

11:00. XX. Azpeitia Hiria Rallya, epaitegiaren aurreko plazan hasita.

11:00. Goiz eresia, korporazio txikiarekin, Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin eta banda gaztearekin.

12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa plazan.

13:00. Erraldoien desfilea egingo dute. Azkoitiko, Bergarako, Zarauzko, Elgoibarko, Txantreako, Urduñako, Errotxapeako, Iruñeko, Irungo, Añorgako, Hernaniko, Buztintxuriko, Barañaingo, Tafallako, Mendillorriko, Zizur Nagusiko eta Azpeitiko erraldoiek parte hartuko dute.

14:00. Haurren eta gaztetxoen bazkaria.

16:00. Haurren jolasak eta kalejira.

18:00. Oihan Vega DJaren emanaldia, plazan.

22:30. Nogen taldearen kontzertua, Perez Arregi plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide