Eduki babestua

Agur Azpeitiko ardoei

Erredakzioa 2023ko uzt. 19a, 19:00

Uztailaren 29an itxiko ditu ateak, betirako, Azpeitiko Odriozola Ardoak saltokiak. Hala, bezero izan diren pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Bezero guztiak dituzte gogoan, eta denak, bat bera ere ahaztu gabe, eskertu nahi dituzte.

Ardoaz jakin edo ardo botilak erosi nahi dituzten azpeitiar gehienei, ardoa hitza bera bakarrik aipatzearekin, Odriozola Ardoak etorriko zaie gogora. Izan ere, erreferenteak dira Odriozolakoak, ez Azpeitian bakarrik, Urola Erdia bailara osoan baizik.

Aro baten amaierara iritsi dira, ordea, eta hil honen 29an Azpeitiko saltokiaren ateak itxiko dituzte. "Duela 28 urte zabaldu genuen Azpeitiko denda, garaiko beharrei erantzuteko asmoz. Ia 30 urte igaro dira ordutik, eta garaiak asko aldatu dira; aurrez aurreko zerbitzuak indar handia izaten jarraitze duen arren, egun egoera beste modu batekoa da, kontsumo ohiturak aldatu dira, eta dendan genuen beste berezitasuna –ganaduentzako pentsua eta baserriko produktuak– gero eta gutxiago saltzen da. Bestalde, gaur egun hiru kilometroren barruan era horretako bi establezimendu izateari ez diote zentzurik bilatzen Odriozola anai-arrebek.

"Pena handiz" itxiko dituzte Azpeitiko dendaren ateak uztailaren 29an, eta egun batzuk lorik egin gabe ere igaroko dituztela onartzen dute. Dena den, aldi berean, erabakiarekin oso seguru daude: "Jakin egin behar izaten da agur esaten, eta nahiz eta erabakia lehenago hartuta zegoen, hau iruditu zaigu pausoa emateko unerik egokiena".

Hala, bezero izan diren pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkie Odriozola Ardoakek. Bezero guztiak dituzte gogoan, eta denak, bat bera ere ahaztu gabe, eskertu nahi dituzte, "horiek guztiak gabe Azpeitiko saltokia ez baitzen 28 urtez zabalik izango". Horregatik, konfiantza horren jabe izaten jarraitzeko lanean segituko dute Odriozola anai-arrebek, Azkoitiko dendan.

"Herritar gutxik jakingo dute, baina Odriozola Ardoak enpresaren sorrera Azkoitian izan zen. Gure aiton-amonen tradizioari jarraituz, 1983. urtean ekin zion gure aitak abenturari, eta Azkoitia izan zen hautatutako herria, nahiz eta askok Azpeitikoa dela pentsatu. Gu, negozioaren hirugarren belaunaldi izanik, haiek hasitako bideari jarraitzen saiatuko gara leku berean", zehaztu dute Odriozola anai-arrabek.

Denda fisikoez gain (Azkoitian eta Zumaian), online denda bat ere badute (www.catandovino.com). Ostalaritza guneetarako, elkarte gastronomikoetarako eta etxeetarako zerbitzua ere eskaintzen jarraituko dute, orain arte bezala, Elgoibartik hasi eta Zumaiara arteko eremuan, Errezil bezalako herri txikiak barne hartuta. Horrez gain, janari gourmetaren eskaintza zabala dute dendan, zer esanik ez edariei eta ardoei dagokienez, eta, nola ez, Gabon garaian otarreak eta saskiak egiten jarraituko dutela azaldu dute.

Gaur egungo bezeroa "oso exijentea eta oso zorrotza da, eta horrek gero eta zerbitzu hobea ematera behartzen gaitu", azaldu dute Odriozola Ardoakekoek. Horregatik, etengabe formazio saioetan parte hartzen dute anai-arrebek, besteak beste, enologian masterra, WineSet diplomak, ardo-dastaketak... egiten dituzte. Aiton-amonek hasitako bideari jarraitzeko ahaleginak egiten dituzte, nahiz eta haien esanetan, batzuetan "ez den erraza familia, lana eta sektoreak eskatzen duen dedikazioa eta lotura uztartzea". Dena den, azaldu dutenez, "etxeko indarrari esker" egiten dute beraiena moduko denda txikiek aurrera.

Pasio eta gogo horrekin jarraituko dute anai-arrebek lanean, 40 urteko ibilbideak bide luzeagoa, amaigabea, izan dezan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide