75 parte hartzailerekin egingo dute zapatuan auto klasikoen XX. Azpeitia Hiria Rallya

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 20a, 09:00

Auto klasiko bat Azpeitiko rally batean.

Ohiturari jarraituz, Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute rallya Gipuzkoako errepideetan barrena. 09:00etan hasita egingo dituzte autoen egiaztapenak epaitegiaren ondoko plazan, eta 11:15tan aterako dira handik rallyko lehen parte hartzaileak.

Auto zaleek hitzordu berezia izango dute zapatuan. Izan ere, Azpeitia Hiria Rallyaren XX. edizioa egingo dute, eta 75 gidarik eta kopilotuk parte hartuko dute proban. Ohiturari jarraituz, Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute rallya Gipuzkoako errepideetan barrena. 09:00etan hasita egingo dituzte autoen egiaztapenak epaitegiaren ondoko plazan, eta 11:15ean aterako dira handik rallyko lehen parte hartzaileak.

Horiek 230 kilometroko ibilbidea gauzatu beharko dute 25 urtetik gorako autoetan. Ibilbideko lehen zatia Errezilgo Iturburura artekoa izango da, eta handik Tolosara joango dira, Abaltzisketako zatia egin ahal izateko. Ondoren, Idiazabalgo Guardi poligonoan geldialditxoa egingo dute, Gabiriako zatiari ekin aurretik. Zatirik luzeena izan da hori, 38,5 kilometrokoa. Liernin bazkalduko dute parte hartzaileek, eta arratsaldean ekingo diote berriro ibilbideari. 16:00etan hasita, Matxinbentako zatia egingo dute, eta gero, 16:35etik aurrera, Urrakikoa. Ibilbideko seigarren zatia Asteasutik Aiara artekoa izango da, eta han ordubeteko atsedena hartuko dute gidariek eta kopilotuek, azken txanpari heldu aurretik. Hain zuzen ere, 18:40etan hasita egingo dute Pagoetako zatia, eta 19:05ean hasita, Meagaskoaa.

Lehen parte hartzaileak epaitegi ondoko plazara 19:55 aldean iritsiko direla aurreikusten du proba antolatu duen Lagun Artea eskuderiak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, 20:30 inguruan egingo dute plaza horretan bertan. Rallyak ez du trafikoan eraginik izango; izan ere, errepideak trafikoarentzat irekita direla gauzatuko dute. Dena den, probaren antolatzaileek ahal duten neurrian parte hartzaileei pasatzen uzteko eskatu diete errepidean izango diren gidariei.

Rallyan parte hartuko duten auto guztiak izango dira klasikoak, baina horietan zaharrenak Xabier Arzamendiren Volvo 142S (1968) autoa, Xabier Goenagaren Renault 8 (1969) autoa, Joxean Aranetaren Porsche 911T (1970) autoa eta Jagoba Agirreren Renault Alpine A110 (1970) autoa izango dira. Parte hartzaile gehienak Gipuzkoakoak izango direla ere aurreratu du Lagun Arteak, nahiz eta gidari eta kopilotu batzuk Arabatik nahiz Bizkaitik ez ezik, Espainiatik eta Frantziatik ere etorriko diren Azpeitira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide