Santioak eta saninazioak 2023

Aniztasun funtzionala duten herritarrentzat ordutegi berezia izango dute barrakek

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 21a, 09:37

Hainbat lagun iaz barraketan.

Uztailaren 23an, 26an eta 29an, ordu jakin batzuetan, aniztasun funtzionala duten herritarrek soilik ibili ahal izango dute barraketan. Gainera, egunero, musikarik ez da izango 17:00etatik 18:30era. Gaur irekiko dituzte barrakak, eta umeen barraken eguna uztailaren 28an, ostiralez, izango da.

Gaur zabalduko dituzte Betharrametako jolastokian jarri dituzten barrakak, nahiz eta datozen egunetan gehiago iritsiko direla jakinarazi duen Azpeitiko Udalak. Gainera, azken urteetan bezala, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako ordutegi berezia izango dute barrakek.

Dena den, aurtengoan desberdina izango da egitasmoa; izan ere, musikarik gabeko orduak izan beharrean, aniztasun funtzionala duten herritarrentzat eta haien familientzat soilik izango dira zabalik barrakak egun eta ordu jakin batzuetan. Hala, uztailaren 23an 11:00etatik 12:30era, uztailaren 26an 11:00etatik 12:30era eta uztailaren 29an 16:00etatik 17:30era aniztasun funtzionala duten herritarrek soilik ibili ahal izango dute barraketan. Gainera, tiobiboak irekita diren egun guztietan musikarik ez da izango barraken eremuan, 17:00etatik 18:30era bitartean.

Umeen barraken eguna uztailaren 28a, ostirala, izango da 17:00etatik 22:00etara bitartean. Ordu tarte horretan haurrek euro baten trukean ibili ahal izango dute barraketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide