San Martin egoitzako erloju zaharberritua ikusteko aukera izango da asteburuan

Unax LarraƱaga 2023ko uzt. 24a, 09:17

Ordularia, zaharberrituta. (Yeregi)

Ostiralean 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean 12:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai San Martinen bertan, Iraurgi ikastetxea kokatuta egon zen eraikinaren beheko gela batean.

Iazko azaroan ekin zion Yeregi elkarteak San Martingo erloju zaharra berritzeari.
Hilabeteetako lanaren ostean, amaitu dute egitekoa, eta datorren astean, herritarrek zaharberritutako lana ikusteko aukera izango dute. Ostiralean 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean 12:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai erlojua San Martinen bertan, Iraurgi Ikastetxea kokatuta egon zen eraikinaren beheko gela batean, zaharberritu zuten gela berean.

Erlojua 1815. urtean Juan Sugastik egina da. Eskualdeko erlojurik zaharrena dela ere esana dute Yeregiko kideek. Ez da, baina, Sugastik egindako erloju bakarra San Martin egoitzakoa; izan ere, Cadizeko katedralekoa ere hark egina da. Gainera, Azpeitikoak ere ez du nolanahiko erlojua ematen, berezitasun batzuk ditu, orratzak adibidez; egilearen estiloa markatzen du horrek. Horrez gain, erlojuak apaingarri zainduak ditu, eta horrek egilearen maila erakusten du.

Inbasiorik gabeko zaharberritzea egin dute Yeregi elkartekoek; hau da, lehenik martxan jarri dute erlojua, haren egoera zein den ikusteko. Gero, desmuntatu eta garbitu egin dute, eta ondoren, analisi teknikoak eta arkeologikoak egin dizkiote. Behin aztertu, berriro muntatu eta prestatuta, ikusgai jarriko dute asteburuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide