Azpeitia Hiria XX. Rallyko autoak ikusgai izan dira epaitegi aurreko plazan

Nerea Uranga 2023ko uzt. 22a, 10:37

Goizeko bederatzietatik aurrera, Azpeitia Hiria XX. Rallyan parte hartuko duten auto klasikoak elkartu dira Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazan. 75 autok irtengo dute.

Azpeitia Hiria Rallyaren XX. edizioa egingo dute gaur 11:15ean epaitegiaren aurreko plazatik irtenda. 75 gidarik eta kopilotuk eman dute izena proban parte hartzeko. Eta azken edizioetan bezala, Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute rallya Gipuzkoako errepideetan barrena.

09:00etatik aurrera elkartu dira auto klasikoen proban irtengo duten autoak epaitegiaren aurreko aparkalekuan, egiaztapenak egiteko. Autozaleek autoak ikusteko aukera izan dute rallya hasi bitartean.

230 kilometroko ibilbidea egin beharko dute 25 urtetik gorako autoetan. Ibilbideko lehen zatia Errezilgo Iturburura artekoa izango da, eta handik Tolosara joango dira, Abaltzisketako zatia egin ahal izateko. Ondoren, Idiazabalgo Guardi poligonoan geldialditxoa egingo dute, Gabiriako zatiari ekin aurretik. Zatirik luzeena izan da hori, 38,5 kilometrokoa. Liernin bazkalduko dute parte hartzaileek, eta arratsaldean ekingo diote berriro ibilbideari. 16:00etan hasita, Matxinbentako zatia egingo dute, eta gero, 16:35etik aurrera, Urrakikoa. Ibilbideko seigarren zatia Asteasutik Aiara artekoa izango da, eta han ordubeteko atsedena hartuko dute gidariek eta kopilotuek, azken txanpari heldu aurretik. Hain zuzen ere, 18:40etan hasita egingo dute Pagoetako zatia, eta 19:05ean hasita, Meagaskoaa.

Lehen parte hartzaileak epaitegi ondoko plazara 19:55 aldean iritsiko direla aurreikusten du proba antolatu duen Lagun Artea eskuderiak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, 20:30 inguruan egingo dute plaza horretan bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide