Dagoeneko hasi dira Umeen Egunerako antolatutako ekintzak. 11:00etan Itsasi dantza taldeak antolatutako umeen korporazio txikiarekin ekin diote goizeko hitzorduei. Hain zuzen, goiz eresia egin dute 11:00etan plazatik hasita, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Musika Banda Gazteak lagunduta. Eguraldiak lagunduta, asko izan dira Itsasikoen, musika eskolakoen eta musika bandaren kalejira ikustera animatu diren herritarrak. Bitartean, Azoka Plazan, Umeen Egun Arroxarako prestaketak hasi dituzte Haujijijai batzordeko kideek. Bazkaria prestatzen hasi ez ezik, kamiseta arroxak ere banatzen hasi dira dagoeneko.
12:00etan, berriz, erraldoien txanda izango da: aurrena dantza saioa egingo dute, eta ondoren, sari banaketa. Segidan egingo dute kalejira hainbat herritako erraldoiek: Azkoitikoek, Bergarakoek, Zarauzkoek, Elgoibarkoek, Txantreakoek, Urduñakoek, Errotxapeakoek, Iruñekoek, Irungoek, Añorgakoek, Hernanikoek, Buztintxurikoek, Barañaingoek, Tafallakoek, Mendillorrikoek, Zizur Nagusikoek eta Azpeitikoek.
Horiek guztiak amaitutakoan Marea Arroxak antolatutako ekitaldien txanda izango da. 13:30ean elkartuko dira ekintzetarako izena emanda dauden 260 haurrak eta begiraleak plazan, eta bazkaria egingo dute 14:00etan hasita, Azoka Plazan. Gero jolasak eta kalejira egingo dituzte herriko kaleetan zehar.