Beste urte batez, jendez eta kolorez bete dira herriko kaleak erraldoien dantza txapelketarekin. Aurten, iaz bezala, 12:00etan hasi da dantza ikuskizuna plazan, eta 13:00 aldera, berriz, erraldoien kalejira egin dute Alde Zaharrean barrena. Taldeka, Barañaingo Ezpelur konpartsako erraldoiek irabazi dute txapelketa –600 euroko saria jaso dute–, eta banaka, berriz, Tafallako Asier Marco konpartsa nagusitu da –300 euroko saria jaso du–.
Guztira, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hemeretzi erraldoi konpartsa elkartu dira Azpeitian, beste horrenbeste dultzain zein trikitilari taldek lagunduta, eta horietatik hamaseik parte hartu dute dantza sariketan. Hain zuzen, Azpeitiko, Azkoitiko eta Urrestillako erraldoiak izan dira parte hartu ez dutenak. Aurten, Urrestillako erraldoiek sortu dute ikusmina, kalejiran parte hartu duten aurreneko aldia baitzen gaurkoa.
Bergarakoek, Zarauzkoek, Elgoibarkoek, Txantreakoek, Urduñakoek, Errotxapeakoek, Iruñekoek, Irungoek, Añorgakoek, Hernanikoek, Buztintxurikoek, Barañaingoek, Tafallakoek, Mendillorrikoek eta Zizur Nagusikoek jokatu dute txapelketa. Ohi bezala, aurrena taldeka egin dute dantza plazan, eta ondoren banaka. Epaimahaia Luis Alberdi dantzariak, Juan Antxieta musika eskolako Mari Jose Bikendik eta Azpeitiko Argazki Elkarteko Juan Carlos del Pozok osatu dute.
Datozen orduetan ere izango da zer egin eta zertaz gozatu Azpeitian. Eguedian, 14:00etan hasita, Umeen Egun Arroxari ekingo diote Haujijijai batzordeko kideek antolatuta.
Hona hemen gaurko egitaraua:
14:00. Haurren eta gaztetxoen bazkaria.
16:00. Haurren jolasak eta kalejira.
18:00. Oihan Vega DJaren emanaldia, plazan.
22:30. Nogen taldearen kontzertua, Perez Arregi plazan.