Santioak eta saninazioak 2023

Festak direla eta, aldaketak izango dira trafikoan

Unax LarraƱaga 2023ko uzt. 24a, 13:04

Bihar goizetik aurrera itxita egongo da Zelai Luze kalea.

Zelai Luzeko errepidea itxita izango da trafikoarentzat bihar goizetik abuztuaren 5a bitartean, Santio eguneko ganadu feria eta txosnagunea tarteko. Jesuitinen eta Perdillegiko Karmelo Etxegarai ikastolako eraikinaren jolaslekuak aparkaleku gisa egokituta daude asteburutik. Autobusen geralekuek ere aldaketak izango dituzte.

Iristear dira festak, eta bihartik aurrera, Santio egunarekin batera, trafikoan eta aparkalekuetan aldaketak iragarri ditu Azpeitiko Udalak.

Santio eguneko ganadu feria eta txosnagunea tarteko, Zelai Luzeko errepidea itxita izango da trafikoarentzat uztailaren 25etik abuztuaren 5a bitartean. Bihar 06:00etan itxiko dute errepidea.

Bestalde, asteburutik egokituta daude Jesuitinen eta Perdillegiko Karmelo Etxegarai ikastolako eraikinaren jolaslekua aparkaleku gisa, festak amaitu bitartean.

Azpeitiko Udalak datozen egunetan ibilgailuak "beharrezkoa" direnean soilik erabiltzeko eskatu die herritarrei, eta horiei barkamena eskatu die jaietan trafikoari lotuta sor daitezkeen eragozpenak tarteko.

Autobusen geralekuetan aldaketak

Santio eta San Inazio festak direla eta, Azpeitiko autobusen geralekuetan ere aldaketak izango dira uztailaren 25etik abuztuaren 4ra bitartean. Tren Museoaren aurreko geltokian eta Julian Elorza hiribidekoan ez da autobusik gelditu. Horien tokian, autobusak saihesbidean, Enparan Gainean izango dute geralekua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide