Santioak eta saninazioak 2023

Hasi da Santio eguna girotzen

Nerea Uranga 2023ko uzt. 25a, 11:59

Euripean, ater uneei eta aterpeei probetxua ateraz hasi dira Santio eguneko goizeko ekintzak. Eguerditik aurrera, sagardoa, txekor errearen, hegaluzearen eta gaztaren pintxoak izango dira protagonista.

Santio eguneko eguerdira arteko ekintzak euripean edota aterpean egin dituzte gaur Azpeitian. Azpeitiko Musika Bandak kalejira egin beharrean, udaletxeko arkupeetan jo ditu piezak. Ondoren, Urolakoen Nafar Zuzterrakekoek kalejira egin dute euritan Perez Arregi plazatik herriko plazaraino eta han dantzak Sanagustin kulturgunean egin dituzte,Nafarroako banderari gorazarre eginez. Bitarte horretarako, Astotegian ikusgai jarrita zegoen ganadu erakusketa, eta Matxinada plazan, berriz, Andoni Bastarrikak hondarrarekin egindako zaldia.

Izarraitz pilotalekuan, berriz, Ilunpe pilota elkartekoen Cesar Valverderen omenezko 38. pilota txapelketako finalak jokatzen ari dira.

Sagardoa, txekor errea, gazta nahiz hegaluzea prestatzeko ekintzak ere martxan jartzen lanean jardun dute boluntarioek, sagardogileek eta gaztagileek.

Eguerdian jokatuko dira ardi gazta txapelketaren 23. edizioa eta Sagardo Txapelketaren 49. aldia ere. 23 sagardotegi ekarri dituzte txapelketara beren edariak: Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Urdaira (Usurbil), Astiazaran (Zubieta), Itxasburu (Hernani), Barkaiztegi (Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Igeldo (Igeldo), Egi-Luze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Irigoien (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Eula (Urnieta), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Sarasola (Asteasu), Izeta (Aia) eta Zabala (Aduna).

Hona hemen eguerditik aurrerako Santio eguneko egitaraua:

12:00. 49. Sagardo Txapelketa, plazan.

Ordu horretan hasita, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitia jotzen.

13:00. Kantujira, Hazparneko bizilagunek lagunduta, Sanagustinpetik hasita.

18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.

18:00. Iratxoen kantu sekretuak emanaldia, Balentina Agirre plazan.

18:30. Jaineken txaranga Landetatik abiatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide