Josetxo Breyk Asiako Grand Prixeko finala irabazi du Landarbaso abesbatzarekin

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 25a, 15:46

Azpeitiarra Errenteriako Landarbaso abesbatzako kidea da, eta gaur jokatu dute Asiako Grand Prixaren finala, Balin. 2019an, Bali International Choir Festival irabazi zuen Landarbasok eta horrela lortu zuen Asia Gran Prixen finalerako txartela. Filipinetako, Indonesiako, Taiwango eta Malasiako taldeen aurka aritu dira Brey eta gainerako 37 kideak, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean.

Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso abesbatzak Asiako Grand Prixeko finala irabazi du gaur. Josetxo Brey azpeitiarra Landarbasoko kidea da, eta harena ere bada gaurko garaipena. 

Finalean nor baino nor aritu dira Euskal Herriko, Filipinetako, Indonesiako, Taiwango eta Malasiako taldeak: Filipinetako Bosco Makati-Boscorale eta Far Eastern University abesbatzak, Indonesiako PSM Swara Wadhana abesbatza, Taiwango Tamkang Fluxingers, Malaysiako Men 's Chorus eta Euskal Herriko Landarbaso.  

Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean eskaini du emanaldia Landarbasok, 38 abeslariren parte hartzearekin, tartean Josetxo Brey azpeitiarra. Hainbat garai eta musika estilo biltzen dituen emanaldia eskaini dute, besteak beste, Jesus Guridiren Akerra ikusi degu abestiarekin, Javier Busto konpositorearen Ametsetan kantuarekin eta Jekabs Jancevskis konpositore letoniarraren Atsalums piezarekin. 

2019an, Bali International Choir Festival irabazi zuen Landarbasok eta horrela lortu zuen Asia Gran Prixen finalerako txartela. Datozen egunetan Indonesia Choir Festival jaialdian parte hartuko du Breyk Errenteriako abesbatzarekin. Hamalau herrialdetako 4.000 abeslarik parte hartzea espero dute, eta Landarbaso hiru kategoriatan lehiatuko da: folklorean, abesbatza mistoan eta erlijio musikan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide