Aspe pilota enpresak aldaketa bat iragarri du Azpeitiko saninazioetako pilota jaialdirako. Xabi Tolosak eskuin hankako errekuperazio prozesuarekin jarraitzen du, eta sentsazioak berreskuratzeko asmoz, uko egin dio hark enpresak lotutako zenbait partida jokatzeari. Hori horrela, San Inazio egunean, datorren astelehenean, Izarraitz pilotalekuan jokatuko den pilota partidan (22:15) Joseba Ezkurdia arituko da atzetik Tolosaren ordez. Jokin Altuna Altuna III.a eta Ezkurdia aurrelariek, beraz, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak osatutako bikotearen aurka jokatuko dute.
Bestalde, jaialdiko lehen partidan azpeitiar bat izango da protagonista; izan ere, Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarrak Xabier Erostarberekin osatuko du lehiarako bikote bat. Azpeitiarrak eta urretxuarrak Dario Gomez eta Iñigo Bikuña izango dituzte arerio.
Sarrerak, salgai
San Inazio bezperako pilota jaialdirako sarrerak Internet bidez eros daitezke dagoeneko. 30 euroan atera dituzte salmentara kantxako sarrerak, eta 20 euroan palkoetako edota harmailen goiko solairuko sarrerak. Honako lotura honetan eros daitezke pilota jaialdirako sarrerak.