Donostiako Klasikoa Azpeititik igaroko da zapatuan

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 26a, 08:44

Donostiako Klasikoa Azpeititik igaro ohi da ia urtero. (Artxiboa)

Guztira, 42 kilometro eskas egingo ditu Donostiako Klasikoak Urola Kostan. Lasterketa Azpeitira 12:09-12:15 aldean iristea aurreikusi dute lasterketaren antolatzaileek. Eskualdeko herri gehiago ere zeharkatuko dituzte txirrindulariek, hain zuzen, Orio, Zarautz, Aizarnazabal, Zestoa eta Errezil.

Larunbatean, uztailak 29, jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta aurten ere Azpeititik igaroko da. Ohi bezala, Donostiatik abiatuko da lasterketa, eta Usurbilerako bidea hartuko du segituan. Handik iritsiko da proba eskualdera, Usurbildik Oriora zuzenduko baita tropela.

Segidan, Zarautzera hartuko dute txirrindulariek, eta Meagan (3. mailakoa) izango dute eguneko lehen mendatea. Aizarnazabaldik igaroko da segidan lasterketa, eta gero Zestoa eta Azpeitia lotuko dituzte. Lasterketa herrira 12:09-12:15 inguruan iristea aurreikusi dute lasterketaren antolatzaileek. Azpeititik, berriz, Errezilera zuzenduko da tropela, eta hango Iturburuko (2. mailakoa) mendatea eginda agurtuko dute txirrindulariek eskualdea. Guztira, 42 kilometro eskas egingo ditu Donostiako Klasikoak Urola Kostan.

Lasterketaz gehiago

2023ko Donostiako Klasikoaren ibilbideak kilometro gehiago (230,3 kilometro, guztira) izango ditu aurten. Probaren amaiera oso gogorra izango da. Hasiera kostaldetik egingo dute txirrindulariek, lauan, eta aproposa izango da eguneko lehen ihesaldia sortzeko. Lasterketaren bigarren zatian iritsiko dira igoerak: Alkiza (3. mailakoa), Jaizkibel (2. mailakoa) eta Erlaitz (1. mailakoa). Hiru igoera horietan gauzak argiago ikusteko aukera izango da, eta txirrindulari indartsuenak lasterketaren gero bideratzen ahaleginduko dira. Aurten, Erlaizko mendatea helmugatik urrunago izango dute txirrindulariek.

Mendizorrotz (2. mailakoa) eta Murgil (2. mailakoa) mendateak igotzen hasi aurretik, Donostiako bulebarretik igaro beharko dute txirrindulariek. Murgilgo mendatea laburra da, baina oso aldapa gogorrak ditu, eta posible da lasterketa irabazteko faboritoak han bereiztea. Murgiletik bigarrenez igaro ondoren, 8 kilometro eskas geratuko zaizkie parte hartzaileei helmugaraino.

Hona hemen lasterketa eskualdetik igarotzeko Donostiako Klasikoak eman duen gutxi gorabeherako ordutegia:

  • Orio: 11:29-11:31 aldean.
  • Zarautz: 11:36-11:40 aldean.
  • Meaga (3. mailakoa): 11:42-11:46 aldean.
  • Aizarnazabal: 11:51-11:56 aldean.
  • Zestoa: 11:57-12:03 aldean.
  • Azpeitia: 12:09-12:15 aldean.
  • Errezil: 12:22-12:31 aldean.
  • Iturburu (2. mailakoa): 12:29-12:38 aldean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide