Santioak eta saninazioak 2023

Use garaile eta plaza beteta, Azpeitiko Errekortarien Txapelketan

Mireia Galarza Bastida 2023ko uzt. 26a, 12:25

Guztira, hamabi errekortarik parte hartu zuten atzo Azpeitiko zezen plazan jokatutako sariketan. Errekorte arriskutsu bezain ederrak egin zituzten errekortariek, eta izugarrizko ikuskizuna eskainita, Eusebio Sacristan Usek irabazi zuen atzoko txapelketa. Mikel Vallejo gasteiztarrak errekorte onenaren saria eskuratu zuen.

Zezen Beltzek eta Toropasion enpresak antolatuta eta udalaren laguntzarekin, Azpeitiko Errekortarien Txapelketa jokatu zuten atzo Azpeitiko zezen plazan. Goizean ez bezala, eguraldiak eutsi egin zion ikuskizunak iraun zuen ia denbora guztian, eta goraino bete zen lekua, 3.000 ikusle ingururekin.

Guztira 12 errekortarik parte hartu zuten atzokoan: Jonatan Estebanez Petak, Ander Gallastegik, Aaron Grandek, Javier Perezek, Gorka Santamariak, Mikel Vallejok, Pablo Martin Guindik, Jose Carlos Garciak, Javier Mansak, Mario Alcadek, Eusebio Sacristan Usek eta David Ramirez Pequek. Azken horrek aspaldi egin gabeko trikimailuak egiteko ere aprobetxatu zuen atzoko plaza.

Errekorte arriskutsu bezain ederrak egin zituzten hamabi errekortariek, eta izugarrizko ikuskizuna eskainita, Eusebio Sacristan Usek irabazi zuen atzoko txapelketa. Atzokoarekin, seigarren aldiz irabazi du dagoeneko Azpeitiko lehen garaikurra Valladolideko errekortariak. Bigarren sailkatu zen Jonatan Estebanez Peta, hirugarren Juan Carlos Garcia Juancar, eta laugarren Mikel Vallejo gasteiztarra. Azken horrek errekorte onenaren saria ere eskuratu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide