Festak gerturatu ahala, prestaketa lanak ere aurrera doaz. Plazako zein txosnaguneko eszenatokiak eta txosnak muntatzeko lanak hasi dituzte jada.
Urtero legez, Haujijijaik plazan jarriko du txosna eta txupinazoaren aurretik irekiko dute San Inazio bezperan. Txosnak, aldiz, 17:00etan irekiko dituzte, herri bazkariaren ostean egingo dituzten jolasetarako.
Trafikoan zein autobusen geralekuetan aldaketak martxan dira festak tarteko. Txosnagunea dela eta, Zelai Luzeko errepidea itxita izango da trafikoarentzat abuztuaren 5a bitartean. Bestalde, asteburutik festak amaitu bitartera arte, aparkalekuak egokituta daude Jesuitinen eraikinaren atarian eta Perdillegiko Karmelo Etxegarai ikastolaren eraikinaren jolaslekuan.
Autobusen geralekuetan ere aldaketak izango dira abuztuaren 4ra bitartean. Tren Museoaren aurreko geltokian eta Julian Elorza hiribidekoan ez da autobusik geldituko. Horien tokian, autobusak saihesbidean, Enparan Gainean izango dute geralekua.