Saninazioak ate joka daude, eta Azpeitiko zezen plaza prest dago San Inazio feriarako. Dotore jantzi dute aurten 120 urte bete dituen plaza zuri-gorria, La bombonera ere deitua. Festetarako margotu berri dute, eta plazaren kanpoko horma nagusian zintzilik ikus daiteke aurtengo zezenketak iragartzen dituen kartel erraldoia. Jendea dabil leihatilan sarrerak eta abonuak erosten, eta leihatila itxi berritan, zezen plazaren atarian elkartu dira sortu berria den Zortziko peñako Ander Beobide, Xabat Hidalgo, Gari Olazabal, Xabier Azpillaga eta Iñaki Olaizola azpeitiarrak taldearen ibilerak kontatzeko.
Hasieran zortzi-hamar laguneko taldea zena, hamarnaka lagun biltzen dituen zezenzale peña bihurtu da. "Zezenenganako zaletasuna partekatzen dugun lagun batzuen artean sortu zen ideia. Hasieran, plan desberdinak egitea zen asmoa, eta horretarako, Whatsappeko taldea sortu genuen. Han denetarik partekatzen genuen: zezenketen inguruko kronikak, kartelak, ganadutegien informazioa… Pixkanaka, jendea taldera batzen joan zen, eta gaur egun, ehun lagun inguru gaude taldean", azaldu dute. Orain, ordea, beste gorputz bat hartu du talde horrek, eta zezenzaleen elkargune bihurtu da. Uste dute taldeak izan duen harrera onak lotura duela zaletasuna elkarbanatzeko espazio faltarekin: "Zenbait kuadrillatan zezenketez hitz egitea ez da erraza, baina ikusi dugu zaletasuna egon badagoela", adierazi du Hidalgok.
Taldearen helburua zein den galdetuta, argi erantzun dute peñako gazteek. "Hausnartu dugu horren inguruan. Peñaren helburua ez da zezenketak edo zezenzaletasuna sustatzea, baizik eta zaleak diren horiek haien espazioa edukitzea", adierazi dute Olazabalek eta Azpillagak. Horretan azpimarra egin du Olaizolak: "Zezenzaleak diren pertsonentzako lekua da hau". Azpeitia «herri zezenzalea» dela uste dute Zortziko peñakoek, baina diote zezenketak atsegin dituzten herritarrak askotan "isildu edo ezkutatu" egiten direla. "Azpeitian badago zezenzaletasuna, bai sokamuturrerako, baita zezenketetarako ere. Sokamuturraren arloan Zezen Beltzeko kideek egin dute haien bidea. Baina badirudi zezenketen gaia konplexuagoa dela, eta zaleak beti egon direla ezkutuago edo isilago. Guk, ordea, zaletasun hori dutenei lekua eskaini nahi diegu".
Orain, saninazioetarako prestaketetan dabiltza, baina urtean zehar planak eta irteerak antolatzeko asmoa ere badute. "Urtean zehar hainbat ekintza antolatzea nahiko genuke, ganadutegietara irteerak edo zezenketak ikustera joateko bidaiak, esaterako. Bakarrik joan beharrean, taldean joatea beti da errazagoa", kontatu du Beobidek. Hori dela eta, azpimarratu dute peña irekita dagoela, eta interesa duen edonork jo dezakeela haiengana.
Gazteak, zaletzen
Azpeitian, beste hainbat lekutan ez bezala, gazteen artean badago zezenketetarako zaletasuna. Horren arrazoiak zein izan daitezkeen galdetuta, Joxin Iriarte buru duen komisioaren lana aipatu du Olaizolak: "Joxin Iriartek eta batzordeko gainerako kideek apustu berezia egin dute jende gaztea plazara gerturatzeko. Sarreren prezioak egokitu zituzten duela urte batzuk, gazteei horiek erosteko erraztasunak emate aldera; izan ere, afizio garestia da. Esango nuke pixkanaka pizten joan den sua dela hau, eta orain fruituak ematen ari dela". Zezenzale batzordeko kideez gain, azken urteotan aurpegi berriak ere aritu dira lanean; horrek gazte jendearen zaletasunean eragina izan duela ere uste dute Zortziko peñakoek. "Gazteak honetan ere ibiltzen garela ikusteak badu eragina jendearengan, eta aberasgarria dela esango nuke. Badirudi adineko jendearentzako ikuskizuna dela zezenketena, baina ez da horrela. Meseta Torilean 300 gazte ikustea ikaragarria da", esan du Olaizolak.
Olazabalek, bere aldetik, gaineratu du Azpeitian badagoela "festarako kultura", eta horrek eragina duela uste du: "Zezenketen inguruan jai giro berezia sortzen da, eta horrek jendea erakartzen du".
Detaile txikien garrantzia
Herriko zezenketetatik gehien zer atsegin duten galdetuta, bat datoz: "Azpeitiko zezen plaza desberdina da, bereizgarri propioak ditu. Txikia da, horrek gertutasuna ematen du, eta sekulako giroa sortzen da. Dultzaineroek eta musika bandak musikaz girotzen dute plaza, eta asko entzuten da musika. Plazaren txikitasunak eta gertutasunak xarma handia du". Giroa bai, baina zezenei ematen zaien garrantzia ere azpimarratu du Beobidek: "Azpeitiko zezenketen kartela osatzerakoan, garrantzi handia ematen zaio zezenari". Olaizolak "detaile txikien garrantzia" goraipatu du: "Esaterako, mulillero lanetan herriko jendea aritzen da, eta horrek badu bere grazia. Zezenketen aurretik egiten den kalejira ere ederra da. Horri gehitzen zaio zezen plaza zaintzeko egiten duten lana".
Zezenzale peñaren izenak badu zentzua, eta hori ere lotuta dago herriko zezenketen berezitasunekin; izan ere, saninazioetako ferian bada tradizio berezi bat: hirugarren zezena erortzen denean, Zortzikoa jotzen du Udal Musika Bandak, 1846 hil zen Jose Ventura Laca banderilleroaren oroimenez. Une hori "hunkigarria" dela uste dute peñakoek, eta Azpeitiko plazaren bereizgarri hori baliatu dute talde berriari izena jartzeko.
Aurtengo zezenketetan izen ezaguneko toreatzaileak eta ganadutegietako zezenak ekarriko ditu Zezenzale Batzordeak. Hori dela eta, sarreren salmenta "bide oso onean" doala esan du Olaizolak: "Dagoeneko agortu dira gazteentzako sarrera guztiak. Urteetan gertatu ez den zerbait da hori. Mugimendu honek eragina izan duela esango nuke".
Peñako zapiak eta kamisetak atera dituzte, eta ia denak saldu dituzte jada. Abuztuaren 1ean peñakoen bazkaria egingo dute, zezenketara joan aurretik, elkar ezagutu eta giroan murgiltzeko.