Itaiak eta Haujijijai festa batzordeak saninazioetarako prestatu duten erasoen aurkako protokoloaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean. Indarkeria matxistari aurre egitera deitu ez ezik, erasoen aurkako protokoloa bezalako tresnen garrantzia azaldu zuten, Sanjuandegiko festetan izan zuen eraginkortasuna azpimarratuz.
Protokoloa txosnagunean ez ezik, Haginpe eta Mendizaliek tabernetan jarriko dute indarrean, norbaitek horrela eskatuko balu. Martxan jartzeko 688 699 370 telefonora deitu beharko da.
Protokoloaz gain, etxeratze kolektiboak ere jarriko dituzte martxan uztailaren 30erako, 31rako eta abuztuaren 1erako. Uztailaren 30erako bi hitzordu jarri dituzte, 00:30ean bata eta 02:00etan bestea; uztailaren 31rako bakarra, 02:00etan; eta abuztuaren 1erako beste bi, 02:00etan bata eta 04:00etan bestea. Astotegian, BM dendaren aurrean elkartuko dira etxera lagunduta eta seguru joan nahi duten emakumeak, eta txanda bakoitzerako bina arduradun izendatuak dituzte jada, inor etxera bakarrik joango ez dela bermatzeko.