Azpeitiko Sarek deituta, hilero-hilero, azken ostiralean, dozenaka lagun bildu ohi dira herriko plazan euskal presoen eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko. Uztaileko azken ostirala izanda, gaur ere halaxe egin dute, eta asko izan dira Etxerako bidea gertu. Gotzon gurekin zioen pankartaren atzean elkartu diren herritarrak. Ordea, ikasturteko azken bilkura izanda eta herriko festen atarian egonda, ukitu berezia eman nahi izan diote gaurkoari, eta elkarretaratzearen ostean parrillada egin dute plazan bertan.
Saninazioetan ere presoen eskubideen aldeko borrokak eta haien senideekiko elkartasunak izango dute lekurik, eta dagoeneko ohitura bihurtu den gisan, Etxera jantokia jarriko dute Azoka Plazan. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean sabela betetzeko aukera izango dute herritarrek jantokian, 20:00etatik aurrera.