Lanak espero baino gehiago luzatu diren arren, dagoeneko prest da Atzegiren Azpeitiko egoitza berria. Elkarteko kideek eta haien senideek Perez Arregi plazan izango dute bilgunea aurrerantzean, udalak guztiz eraberritu duen Telefonica zaharraren eraikinean. Hain zuzen ere, atzo arratsaldean egin zuten gune berriaren inaugurazio ofiziala.
Herritarrei irekiera ekitaldira azaltzeko deia egin zien udalak, eta 19:00ak jotzerako jendetza zegoen Perez Arregi plazan; besteren artean, han ziren Nagore Alkorta alkatea eta beste hainbat udal ordezkari, eta baita Atzegiko arduradunak, erabiltzaileak eta haien senideak ere. Pozik zeuden denak, eta batez ere egoitza berriaz gozatzeko aukera izango dutenak, egoitza dotoreaz, irisgarria eta ondo kokatutakoa izango dutelako aurrerantzean. Udalari eskerrak eman zizkioten gune hori eurei lagatzeagatik, eta udalak eskerrak eman ziezkien Atzegiko kideei, desgaitasun intelektuala duten herritarren eta haien familien alde egiten duten "lan isil izugarriagatik".
Atarian ekitaldi txiki bat egin eta gero, zinta moztu eta egoitza berria barrutik nola gelditu den ikusi ahal izan zuten herritarrek, eta ondoren, mokadutxo bat egiteko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek.