Santioak eta saninazioak 2023

Zaintza lanetan aritzen diren emakumeei aitortza eginda, hasi dira saninazioak

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 30a, 13:47

Adinekoen zaintza zerbitzuetan lan egiten duten lau herritarrek bota dute aurtengo jaietako txupinazoa: Laia Juezek, Mailu Etxeberriak, Maryuri Ninoskak eta Eider Iruretak. Gainera, lan horietan aritzen diren 70 bat emakume elkartu dira udaletxean. Hasi dira jaiak, arrosa kolorea nagusituta, eta datozen orduetan eta egunetan izango da zer egin eta zertaz goza herrian.

Zaintza lanetan aritzen diren emakumeak izan dira aurtengo saninazioen hasierako protagonista nagusiak. Izan ere, adinekoen zaintza zerbitzuetan lan egiten duten lau herritarrek bota dute aurtengo jaietako txupinazoa: Laia Juezek, Mailu Etxeberriak, Maryuri Ninoskak eta Eider Iruretak. Horiek hitza hartu dute udaletxeko balkoian, eta eskerrak eman dizkiete udalari eta herritarrei zaintza lanei ikusgarritasuna emateagatik. Ez dira, baina, horiek bakarrik izan udaletxean: balkoietan egon dira zaintza lanetan aritzen diren 70 bat emakume, eta horiek udalaren diploma bana jaso dute, jaiak hastearekin batera.

Plazan jendetza elkartu da aurten ere, eta arrosa kolorea izan da nagusi. Ohiko moduan, tronpeta jotzaileek hainbat pieza jo dituzte hamabiak iristerako, eta Nagore Alkortak hartu du hitza protagonisten txupinazoa bota aurretik. Hark gogoan izan ditu, besteren artean, adinekoak, haien zaintzaileak nahiz haiei eskaintzen zaizkien zerbitzuak. Ondoren bota dute suziria zaintzan aritzen diren beharginek, eta segidan, Marea Arroxaren kanta jo du Udal Musika Bandak, hainbat abeslarik lagunduta. Buruhandiak eta erraldoiak atera dira Erdikalean behera segidan, eta plaza husten joan den heinean hasi dira Alde Zaharreko kalean betetzen.

Udal Musika Bandak kalejira egin du, baita Marea Arroxako kideek ere, Skapaie elektrotxarangak lagunduta. Festa giroan murgildu dira, beraz, dagoeneko herritarrak, eta hiru egun eta gau luze dituzte horiek aurretik; festarako aitzakiarik ez dute faltako. Datozen orduetan, esaterako, herri bazkaria, txosnagunean jolasak, bigantxak, zezenketa, kontzertuak nahiz su artifizialak izango dira.

Hona hemen datozen orduetako eta egunetako egitaraua:

Uztailak 30, igandea, San Inazio bezpera

  • 15:00. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:00. Apar festa Matxinada plazan.
  • 17:00. Jolasak, txosnagunean.
  • 17:30. Bigantxak Done Jakue kalean.
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren atarian.
  • 18:00. Goazen musikala, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
  • 19:00. Meza eta bederatziurrena Loiolako basilikan. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Parrokiako Abesbatzak abestuko dute. Itziar Urbieta ariko da organoa jotzen.
  • 19:00. Los incansables txarangaren kalejira.
  • 19:00. Elektrokela elektrotxarangaren kalejira.
  • 20:00. Josu Rodriguez eta Davila DJak, plazan.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera.
  • 22:00. Pantxoa Karrereren kontzertua, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 22:00. Manitu taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 23:00. Su festa, Izarraizko Atea parkean.
  • 23:30. Muxutruk taldearen erromeria, txosnagunean.

Uztailak 31, astelehena, San Inazio eguna

  • 09:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren, Eltziegoko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.
  • 10:10. Udal korporazioa Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango da plazatik.
  • 10:30. Prozesioa Alde Zaharrean.
  • 11:00. Meza, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.
  • 12:30. Gauerdi txaranga kalez kale.
  • 12:30. Arratsaldeko zezenen aukeraketa, zezen plazan.
  • 12:30. Bigantxak Done Jakue kalean.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
  • 17:30. Bigantxan, Done Jakue kalean.
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren atarian.
  • 18:00. Gaztetxoentzat karaokea, Matxinada plazan.
  • 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
  • 18:30. Tio Teronen Semeak taldearen Festamentua dantza emanaldia plazan.
  • 19:00. Oria txarangaren kalejira, Landetatik hasita.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera.
  • 20:30. Parrillada, plazan.
  • 22:00. Checkboyz taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 22:00. Puro Relajo taldearen emanaldia Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 22:00. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 23:00. Su festa, Izarraizko Atea parkean.
  • 23:30. Chambao taldearen kontzertua, plazan.
  • 00:30. Mehatxuka taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 02:00. Istilu taldearen kontzertua, txosnagunean.

Abuztuaren 1a, asteartea, San Inazio bigarrena

  • 10:00. Izarraitz txistulari taldearen, Azpeitiko Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen goiz eresia.
  • 10:30. Herriko agintariek harrera egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, Loiolan.
  • 10:30. Sañu Biziriken elkarretaratzea, Loiolan.
  • 11:00. Meza, Loiolako basilikan. Parrokiako Abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, eta Itziar Urbietak joko du organoa.
  • 12:00. Aire Ahizpak kalez kale.
  • 12:00. XII. Bakailao Txapelketa, plazan.
  • 12:30. Arratsaldeko zezenketako zezenen aukeraketa.
  • 15:00. Bakailao Txapelketako bazkaria, Azoka Plazan.
  • Ondoren, bakarrizketa saioa.
  • 16:30. Gaztetxoen patata tortilla txapelketa, Matxinada plazan.
  • 17:30. Bigantxak, Done Jakue kalean.
  • 18:00. Garbijai kale animazioa, Balentina Agirre plazan.
  • 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
  • 19:00. Los Pasai txaranga.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 22:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 22:00. Obaneuke taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 22:00. Pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 23:30. Bulego taldearen kontzertua, plazan.
  • 01:00. Rodeo taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Maixa eta Malakiasen kontzertua, txosnagunean.

Abuztuak 2, asteazkena, San Inazio hirugarrena

  • 06:00. Incansables txaranga Alde Zaharrean.
  • 07:00. Bigantxak Done Jakue kalean.
  • 08:30. Suziriarekin, jaien bukaera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide