Santioak eta saninazioak 2023

Korporazioa, prozesioa eta meza San Inazio eguna hasteko

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 31a, 12:18

10:00ak ondo jota zirela hasi dira Udal Musika Banda eta Izarraitz txistulari taldea kalejiran, atzetik udal ordezkariak zituztela. Prozesioa egin dute hainbat lagunek Alde Zaharrean segidan, eta gero, meza izan da Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Ekitaldi instituzionalak eta elizkizunak bukatuta, askotariko ekitaldiak izango dira egun osoan zehar.

Eguraldi zoragarriarekin argitu du San Inazio egunak. Bezperako ajeari aurre eginez, herritarrak kalera atera dira goizetik, nahiz eta atzoko jendetzarik ez den izan eguneko lehen orduetan. 10:00ak ondo jota zirela hasi dira Udal Musika Banda eta Izarraitz txistulari taldea kalejiran, atzetik udal ordezkariak zituztela. Hain zuzen, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga alkateordea nahiz EAJko zinegotziak korporazioan joan dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara; agintaldi berriko udalbatzako kideen lehen San Inazio eguna izan da.

Hara iritsita, hainbat herritar ziren elizaren atarian prozesioa hasteko zain, eta San Inazioren zein ama birjin Sortzez Garbiaren irudiak atera dituzte parrokiatik Alde Zaharrera. Prozesioa egin dute hainbat lagun eliztarrek, baita Fernando Prado Donostiako gotzainak, Kepa Susperregi errektoreak eta Jesusen Lagundiko apaiz hainbatek ere, eta kalez kale ibilita, horiek berriro parrokiara itzuli dira, mezara. Elizkizunean Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzetako kideek parte hartu dute, Javier Alberdiren gidaritzapean, eta Ignacio Arakistain arduratu da organoa jotzeaz.

Ekitaldi instituzionalak eta elizkizunak ez dira izango, baina, San Inazio eguneko egitasmo bakarrak. Bigantxak ere izan dira eguerdian Done Jakue kalean, eta ondoren, Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean. Arratsaldean, berriz, gaztetxoentzako karaokea, Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia, zezenketa eta abar izango dira, eta gauean musikaren txanda izango da; besteak beste, Checkboyz, Puro Relajo, Chambao eta Istilu taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Pilota partida profesionalak ere izango dira Izarraitzen, eta su artifizialen emanaldia ere bai, festetako bigarrena eta azkena.

Hemen gaur arratsaldeko eta gaueko festa egitaraua:

17:30. Bigantxan, Done Jakue kalean.

17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren atarian.

18:00. Gaztetxoentzat karaokea, Matxinada plazan.

18:30. Zezenketa, zezen plazan.

18:30. Tio Teronen Semeak taldearen Festamentua dantza emanaldia plazan.

19:00. Oria txarangaren kalejira, Landetatik hasita.

20:00. Etxera jantokiaren irekiera.

20:30. Parrillada, plazan.

22:00. Checkboyz taldearen kontzertua, txosnagunean.

22:00. Puro Relajo taldearen emanaldia Olazko Andre Mariaren plazan.

22:00. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.

23:00. Su festa, Izarraizko Atea parkean.

23:30. Chambao taldearen kontzertua, plazan.

00:30. Mehatxuka taldearen kontzertua, txosnagunean.

02:00. Istilu taldearen kontzertua, txosnagunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide