Santioak eta saninazioak 2023

Jaurlaritzako eta aldundiko agintariei harrera eginez hasi dute San Inazio bigarrena

Nerea Uranga 2023ko abu. 1a, 12:14

Urtero bezala, San Inazio bigarrenez Azpeitiko Udaleko ordezkari politikoek harrera egin diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei. Segidan, Loiolan elizkizuna egin dute Donostiako Gotzainak zuzenduta. Loiolan, Sañu Bizirikekoek protesta egin dute agintarien harreraren garaian.

San Inazio bigarren goizeko ekitaldiak, ohiturari jarraituz, agintarien ekitaldiarekin hasi dira. Aurten ere, iaz bezala, Loiolan egin diete Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta udal zinegotziek harrera Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei. 10:30ean hasi da Loiola basilikaren aurrean harrera ekitaldia, eta bertan agurtu ditu Alkortak Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta beste hainbat diputatu. Segidan, Loiolan bildutako agintari guztiei Agurra dantzatu die dantzariek.

Ondoren, agintariak Loiolako basilikara sartu dira, eta 11:00etan, elizkizuna hasi da bertan Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatuta, eta herriko apaizek nahiz Jesusen Lagundikoek parte hartuta.

Agintariak Loiolan ziren bitartean, Sañu Bizirik taldekoek elkarretaratzea egin dute Loiolan eta mendietan zentral eolikoak eraikitzearen kontrako leloak oihukatu dituzte.

Gaur herriko plazan Bakailao Txapelketa izango da protagonista, eta goizaldera bitartean beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da.

Gaurko egitaraua:

12:00. Aire Ahizpak kalez kale.

12:00. XII. Bakailao Txapelketa, plazan.

12:30. Arratsaldeko zezenketako zezenen aukeraketa.

15:00. Bakailao Txapelketako bazkaria, Azoka Plazan.

Ondoren, bakarrizketa saioa.

17:30. Bigantxak, Done Jakue kalean.

18:00. Garbijai kale animazioa, Balentina Agirre plazan.

18:30. Zezenketa, zezen plazan.

19:00. Los Pasai txaranga.

20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.

22:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.

22:00. Obaneuke taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.

22:00. Pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.

23:30. Bulego taldearen kontzertua, plazan.

01:00. Rodeo taldearen kontzertua, txosnagunean.

02:30. Maixa eta Malakiasen kontzertua, txosnagunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide