Goiza Loiolan eta eguerdia Bakailao Lehiaketaren bueltan joan dira, ohi bezala, San Inazio bigarrenean. Bazkalondoa luzatu eta atseden hartu ondoren, aurtengo saninazioen azken txanpaz gozatzen jarraitu dute arratsaldean hainbat herritarrek, beste batzuk gau luzerako prestatzen ari ziren bitartean.
Bigantxek Done Jakuen eta zezenek zezen plazan ikusle asko eta asko elkartu dituzte. Azken zezenketa izan da, dudarik gabe, aurtengo jendetsuena: sarrera guztiak agortuta egin dute Azpeitiko zezen plazaren ibilbideko 120. zezenketa izan dena. Oso bestelako ikuskizunaz gozatu ahal izan dute, bien bitartean, Balentina Agirre plazan elkartu diren familiek eta, bereziki, haurrek; Garbijai taldekoekin irri, jolas eta jauzika ibili dira hainbat ume han. Txosnetan eta plazan, hurrenez hurren, Rodeo eta Bulego taldeen soinu frogek ere piztu dute ikuskizuna, Incansables txarangakoek kalejirari ekiten zioten bitartean. Eta Plaza Txikian, eraso matxistarik gabeko gunearen arduradunak ere prest, ahalik eta lan gutxien izateko esperantzarekin.
Ekitaldiz eta batik bat musikaz betetako gau luzea bihar goizarekin kateatu, eta San Inazio hirugarrenean goizean goiz bukatuko dira saninazioak aurten ere. Hau da azken txanparako festa egitaraua:
20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
22:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
22:00. Obaneuke taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
22:00. Pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
23:30. Bulego taldearen kontzertua, plazan.
01:00. Rodeo taldearen kontzertua, txosnagunean.
02:30. Maixa eta Malakiasen kontzertua, txosnagunean.
06:00. Incansables txaranga Alde Zaharrean.
07:00. Bigantxak Done Jakue kalean.
08:30. Suziriarekin, jaien bukaera.