Santioak eta saninazioak 2023

Daniel Luque eta Murteira Grave, saninazioetako zezenketa feriako nabarmenenak

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 3a, 16:09

Daniel Luque iazko saria jasotzen, Joxin Iriarte Azpeitiko Zezenzale Batzordearen presidentearen eskutik. (Aitziber Arzallus)

Sevillako toreatzailearentzat izan zen iaz ere saria. Bi sari nagusiez gain, "aipamen berezia" egin nahi izan dio Zezenzale Batzordeak Diego Urdialesi, San Inazio bezperako laugarren zezenarekin egindako lanagatik.

Herenegun egin zuten aurtengo San Inazio feriaren hirugarren eta azken zezenketa, eta gaur jakinarazi ditu Azpeitiko Zezenzale Batzordeak aurtengo zezenketetan nabarmendu direnen izenak.

Bigarren urtez jarraian, Daniel Luque sevillarra izendatu dute saninazioetako toreatzaile onena. San Inazio bezperako zezenketaren aurretik jaso zuen Luquek iaz irabazitako saria, eta zezenketa berean plazako ate nagusia irekitzea lortu zuen; Azpeitiko zezen plazan ate hori lau bider ireki duen lehen toreatzailea da Luque. Aurten bi agerraldi egin ditu Luquek Azpeitian, bera aritu zen-eta abuztuaren 1eko zezenketan Morante de la Pueblaren ordez.

Ganadutegi onenaren saria, berriz, Murteira Graverentzat izan da aurten. San Inazio egunez toreatu zituzten Portugalgo ganadutegiaren zezenak, eta bosgarren tokian atera zuten Vinagre zezena izan da, Zezenzale Batzordearen aburuz, aurtengo feriako zezenik suharrena.

Bi sari nagusiez gain, "aipamen berezia" egin nahi izan dio Zezenzale Batzordeak Diego Urdiales toreatzaileari, San Inazio bezperan Ana Romero ganadutegiko laugarren zezenarekin egindako lanagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide