Mami Sakatok organo kontzertua eskainiko du Loiolan datorren zapatuan

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 6a, 09:00

Mami Sakato organo jotzailea. (Donostiako Musika Hamabostaldia)

Donostiako Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloaren barruko emanaldia izango da basilikakoa. Donostiako musika jaialdia Urrestillara ere iritsiko da aurten, hilaren 18an, Joanes Antxietaren omenezko kontzertuarekin.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan egiten duten Organo Zikloak geldialdia egingo du aurten ere Loiolako basilikan. Datorren larunbatean, abuztuaren 12an, kontzertua eskainiko du han Mami Sakato japoniarrak. 20:00etan hasiko da organo kontzertua eta sarrera doan izango da, eliza bete arte behintzat.

Sakato Hamabostaldiko Organo Zikloak antolatu ohi duen nazioarteko organo ikastaroan zaildu zen bere garaian, eta aurten zikloan kontzertuak ematera gonbidatu du Donostiako jaialdiak. Loiolan, XIX. eta XX. mendeetako organorako frantziar musika eskainiko du organo jotzaile japoniarrak: Franck, Saint-Saens, Vierne, Dupre, Puis-Roget eta Tournemire konposatzaileen piezak joko ditu, hain zuzen.

Hilaren 18an, Urrestillan

Urrestillara ere iritsiko da aurten Donostiako Musika Hamabostaldia. Joanes Antxieta musikariaren heriotzaren 500. urteurrenaren haritik antolatutako ekintzen barruan, hari eskainitako kontzertua izango da Jaunaren Gizakundearen parrokian abuztuaren 18an.

David Sagastume kontratenorrak, Andres Miravete tenorrak, Oriol Mallart baritonoak, Guglielmo Buonsanti baxu jotzaileak eta Carlos Garcia Bernal organo jotzaileak parte hartuko dute emanaldi horretan, 20:00etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide