'Antxietarrak Azpeitian' bisita gidatuaren lehen saioa egin dute

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 5a, 15:06

Urrestillan hasi eta Azpeitian bukatu dute Antxieta sendiaren eta haren oinordekoen aztarnak ezagutzeko egin duten ibilbidea. Bihar bisita bera egiteko aukera izango da, gaztelaniaz.

Iraurgi Berritzenek Urola Turismoaren bidez udarako antolatutako egitarauaren barruan, Antxietarrak Azpeitian izeneko bisita gidatuaren lehen saioa egin dute gaur.

Zortzi lagun elkartu dira Urrestillan 12:00etan bisitari ekiteko. Hango parrokiako antxietarren kapera bisitatu dute lehendabizi, han dagoen San Jose Antxietaren koadroa ikusteko, besteak beste. Aurtengo sanjoanetan Joanes Antxieta musikariaren zein eskultorearen omenez Urrestillako plazan inauguratu zuten plakaren bueltan egin dute bigarren geldialdia, eta antxietarren bi oinetxeak ezagutzeko aukera izan dute ondoren. Urrestillatik Azpeitira eginda, Joanes musikariak Soreasuko Sebastian Donearen parrokia aurrean eraikitako Antxieta Etxean jarraitu dute antxietarren aztarnak ezagutzen.

Gaurko saioan azalpenak euskaraz jaso dituzte bisitan parte hartu dutenek. Bihar, ordu eta toki berean hasita, bisita gidatuaren bigarren saioa egingo dute, gaztelaniaz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide