Elene Viles: "Futbolean hobetu, taldekideengandik ikasi eta taldeari ahal dudan gehien ematea nahi dut"

Julene Frantzesena 2023ko abu. 12a, 09:07

Elene Viles futbolaria entrenamendu batean. (Reala)

Elene Viles (Azpeitia, 2001) Realaren lehen taldearen dinamikan sartuta dago buru-belarri. Bigarren taldeko fitxa izango badu ere, lehen taldearekin jardungo du 2023-24 denboraldian. Sei urte dira "sekulako ilusioarekin" Realera iritsi zela, eta ilusio berberarekin edo handiagoarekin egin du lehen talderako urratsa. Garbi du zer nahi duen: futbolean haztea eta taldekideengandik ikastea.

Lagun Onaketik iritsi zinen Realera duela sei urte. Zer moduzkoa izan da orain arteko bidea?

Oraintsu hasiko duguna Realean egingo dudan seigarren denboraldia izango da. Orain arte Reala B taldean aritu naiz. Ni iritsi nintzenean berria zen taldea, eta behe-beheko mailetatik hasi behar izan genuen; lehen bi urteetan bi igoera lortu genituen, Erregional Mailatik Euskal Ligara eta Euskal Ligatik Nazional Ligara. Hurrengo bi denboraldietan maila horretan aritu ginen, eta aurten lortu dugu liga irabaztea eta Bigarren RFEF Mailara igotzea –emakumeen hirugarren maila–. Orain arte egindako bidearekin oso gustura nago, esperientzia oso ederrak bizi izan ditut.

Hiru azpeitiar aritu zarete Realaren emakumeen taldeetan. Mirari Uriak 2021ean egin zuen lehen talderako jauzia, zuk aurten. Zer moduz?

Hirurok batera iritsi ginen Realera, eta lehen hiru denboraldietan elkarrekin aritu ginen. Laugaren sasoian, baina, Mirari lehen taldera pasatu zen. Hirurok beti batera ibili gara, eta oso pozik nago Realean sortu dugun harremanarekin. Lagunak egin gara, lagun oso onak. Mirari lehen taldera joan zenean pila bat poztu nintzen, eta orain, niri txanda iritsita, halaxe nago.

Espero al zenuen?

Egia esan, ez nuen espero. Lehen taldetik nahiko gertu egon izan naiz; entrenamenduak egin ditut lehen taldearekin, deialdiren batean edo bestean sartu izan naute... Dena den, lehen taldetik bigarrenera pauso handia dago, batez ere, erritmo aldetik, futbola azkarragoa delako. Urtez urte asko ari da garatzen, maila igotzen ere bai, eta gero eta prestatuago egon behar duzu maila horretan aritzeko. Hala ere, inoiz ez duzu espero lehen talderako jauzia egiteko unea iritsiko denik, baina ailegatu zait, eta oso-oso pozik nago. Lehen taldearen dinamikan sartuko naiz, egunero lehen taldearekin entrenatuko dut, eta horrek hobetzen lagunduko didala uste dut; asmo hori daukat behintzat.

Zer da zuretzat lehen taldearen dinamikan sartzea?

Denboraldi berria hasteko ilusioz beteta nago, eta taldeari laguntzea da nire helburu nagusia. Aurreko urteekin alderatuta, aurten izango dudan rola oso desberdina izango da, baina moldatzeko izugarrizko gogoa daukat. Beste pauso bat eman nahi dut; futbolean hobetu, taldekideengandik ikasi eta taldeari ahal dudan gehien ematea nahi dut.

Ez da zuretzat arrotza, ordea, Realeko lehen taldearen funtzionamendua, ezta?

Aurreko denboraldietan taldearekin entrenatu izan dut; azken denboraldian, esaterako, astean behin entrenatzen nuen talde nagusiarekin. Badakit nolakoa den talde horren egunerokoa, baina egunerokoan ez naiz erritmo horretan aritu orain arte.

Lehen taldearekin debuta 2021ean egin zenuen. Egun hartako zer oroitzapen dituzu?

Hala da, bai. Lehen jardunaldia zela uste dut. Oso oroitzapen onak ditut; 4 eta 0 ari ginen irabazten Valentziaren kontra, eta hegalean jokatzera atera nintzen zelaira. Justu amaren urteak ziren, gainera... Askotan akordatzen naiz momentu hartaz; argazkiak ere gordeta ditut. Partidaren ostean debuta ospatu egin nuela ere gogoratzen dut.

Zer helburu dituzu denboraldira begira?

Futbolean hazten jarraitzea nahi dut, eta taldeekideez nahiz talde teknikoaz ikastea ere bai. Aldi berean, izaten ditudan minutuan ahalik eta gehien aprobetxatu nahi ditut, eta taldeari nire %100a ematen saiatuko naiz. Azken denboraldia ez zen izan nahi bezalakoa lehen taldearentzat, eta aurreko sasoian egindakoa hobetzea da taldearen helburu nagusia. Helburu zehatzagoak jartzeko, ikusiko dugu nola joaten den denboraldia

Inoiz pentsatu al zenuen lehen taldera iritsiko zinenik?

Realera iristen zaren unetik ikusten duzu lehen taldea hortxe, baina amets bat bezalakoa da. Beti esan izan dut lehen taldera iristea eta Reale Arenan jokatzea izugarria izango litzatekeela niretzat, baina duela sei urte ez nuen aukeren artean ikusten hori errealitate bihurtzea. Urteak pasatuta, baina, lehen taldetik gero eta gertuago egon naiz, eta pentsatu izan dut nire artean pausoa emateko aukera izan nezakeela, nahiz eta jakitun nintzen oso zaila zela. Aukera eman dit klubak, eta oso-oso eskertuta nago.

Denboraldiari ekiteko gogoz al zaude?

Bai, partidaz partida aurrera egiteko gogoz nago, futbolean jokatzea da-eta gustatzen zaiguna. Orain gorputza martxan jartzea eta erritmoa hartzea tokatzen da, eta jokatuko ditugun partidak gauzak probatzeko eta akatsak zuzentzeko aprobetxatu behar ditugu. Pausoz pauso joan behar dugu; orain denboraldi-aurrean dugu fokua eta gero hasiko da denboraldia.

Zer da Reala zuretzat?

Sentimendu bat da. Txiki-txikitatik naiz Realzalea, partidak txikitatik ikusi izan ditut; anaiari kentzen nion bazkide txartela aitarekin Anoetara joan ahal izateko. Sekulako ilusioa egin zidan Realak deitu zidanean, eta orain ere, izugarrizko ilusioarekin nago. Oso harro sentitzen naiz Realaren parte izateagatik eta taldearen ezkutua soinean eramatearekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide