Mami Sakatok organo kontzertua eskaini du Loiolako basilikan

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 13a, 09:25

Atzo, larunbatez, Mami Sakato japoniarrak organo kontzertua eskaini zuen Loiolako basilikan, eta jende ugari elkartu zen emanaldia ikusteko. Sakato Hamabostaldiko Organo Zikloak antolatu ohi duen nazioarteko organo ikastaroan zaildu zen bere garaian, eta aurten zikloan kontzertuak ematera gonbidatu du Donostiako jaialdiak.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan egiten duten Organo Zikloak geldialdia egin du aurten ere Loiolako basilikan. Atzo, larunbatez, Mami Sakato japoniarrak organo kontzertua eskaini zuen Loiolako basilikan, eta jende ugari elkartu zen emanaldia ikusteko. Sakato Hamabostaldiko Organo Zikloak antolatu ohi duen nazioarteko organo ikastaroan zaildu zen bere garaian, eta aurten zikloan kontzertuak ematera gonbidatu du Donostiako jaialdiak. Loiolan, XIX. eta XX. mendeetako organorako frantziar musika eskaini zuen organo jotzaile japoniarrak: Franck, Saint-Saens, Vierne, Dupre, Puis-Roget eta Tournemire konposatzaileen piezak jo zituen atzoko emanaldian. 

Abuztuaren 18an, Urrestillan

Urrestillara ere iritsiko da aurten Donostiako Musika Hamabostaldia. Joanes Antxieta musikariaren heriotzaren 500. urteurrenaren haritik antolatutako ekintzen barruan, hari eskainitako kontzertua izango da Jaunaren Gizakundearen parrokian abuztuaren 18an.

David Sagastume kontratenorrak, Andres Miravete tenorrak, Oriol Mallart baritonoak, Guglielmo Buonsanti baxu jotzaileak eta Carlos Garcia Bernal organo jotzaileak parte hartuko dute emanaldi horretan, 20:00etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide