Lagun Onak nagusi, Pasaia Hiria Txapelketan

Julene Frantzesena 2023ko abu. 13a, 14:45

Lagun Onakek atzo zelairatu zuen hamaikakoetako bat. (Pasaia K.E.)

Pasaiako Don Bosko futbol zelaian jokatu zuten Lagun Onakeko futbolariek lehia, Pasaiaren eta Beasainen kontra. Bi partidak irabazita, Azpeitiko taldearentzat izan zen garaikurra. Datorren lagun arteko partida asteazkenean jokatuko du Lagun Onakek Elgoibarren, eta zapatuan, berriz, Ugaitz Kerejeta zenaren oroimenezko partida izango da Garmendipen.

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak abuztuaren hasieran ekin zien entrenamendu saioei, eta duela egun batzuk, berriz, denboraldi aurreko partidei. Atzo, larunbata, esaterako, Pasaia Hiria hiruko txapelketa jokatu eta irabazi zuen Iban Fagoaga entrenatzaileak gidatutako taldeak.

Don Bosko futbol zelaian jokatu zuten Lagun Onakeko futbolariek lehia, Pasaiaren eta Beasainen kontra; Pasaiaren kontra 0 eta 1 nagusitu zen Azpeitiko taldea, eta 0 eta 2, berriz, Beasainen aurka. Beraz, Lagun Onakentzat izan zen atzoko garaikurra.

Hurrengo lagunarteko norgehiagoka asteazkenean jokatuko dute Fagoagaren mutilek; Elgoibarko Mintxeta zelaian ariko dira horiek. Zapatuan, berriz, Ugaitz Kerejeta zenaren oroimenezko jardunaldia izango da Garmendipen, eta Lagun Onakek eta Reala Ck neurtuko dituzte indarrak, 11:00etan.

Abuztuaren 26an berriro ere etxean ariko da Lagun Onak (11:00), Vitoriaren kontra, eta irailaren 2an jokatuko du denboraldiari ekin aurreko azken neurketa, Castroren kontra, 11:30ean, Castro Urdialeseko Riomar zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide