The Baboon Show taldearen emanaldirako sarrerak salgai jarri dituzte

Julene Frantzesena 2023ko abu. 18a, 08:00

The Baboon Show taldeko kideak.

Urriaren 8an, igandez, Sanagustin kulturgunean izango da Suediako taldea. Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke horiek 24 euroren trukean. Ez da, baina, The Baboon Show izango datozen asteetan eta hilabeteetan Azpeitian izango den musika talde bakarra.

Suediako punk eta garage estiloko musika talde bat izango da datorren urriaren 8an, igandez, Sanagustin kulturgunean (20:30): The Baboon Show. Zuzeneko bortitzak eskaintzen ditu taldeak, eta taldea oso ezagun egin da azken aldian han eta hemen.

Euskal Herrian egingo du geldialdia urriaren hasieran, zehazki Azpeitian, eta dagoeneko eskuragarri daude kontzerturako sarrerak. Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke horiek 24 euroren trukean. Gainera, Kultur Bonoa dutenek txartel hori baliatu ahal izango dute emanaldiaz gozatzeko.

Ez da, ordea, The Baboon Show izango datozen asteetan eta hilabeteetan Azpeitian izango den musika talde bakarra: irailaren 15ean, Muzak eta Siglas taldeak izango dira; irailaren 22an, Mice eta Ginger; urriaren 21ean, Ibil Bedi eta Ithaka; urriaren 27an, Birds are indie eta Soma Cult; azaroaren 4an, Brigade Loco eta Azione Diretta; azaroaren 18an, Talco; azaroaren 25ean, Liher eta Sua; eta abenduaren 30ean, Grises.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide