Herritar ugari elkartu dira Joanes Antxieta zenaren oroimenezko lehen kontzertuan

Julene Frantzesena 2023ko abu. 19a, 09:32

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertua eskaini zuten atzo David Sagastume kontratenor eta zuzendariak, Andres Miravete tenorrak, Oriol Mallart baritonoak, Guglielmo Buonsanti baxu jotzaileak eta Carlos Garcia Bernal organo jotzaileak Urrestillako elizan. Antxieta hil zela 500 urte betetzen direla-eta antolatutako ekitaldietako bat izan zen atzokoa.

Joanes Antxieta musikari urrestildarraren lana ezagutarazteko kontzertuetan aurrena izan zen atzo, ostiralez, Urrestillako Jasokunde Donearen elizan. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertua eskaini zuten han David Sagastume kontratenorra eta zuzendariak, Andres Miravete tenorrak, Oriol Mallart baritonoak, Guglielmo Buonsanti baxu jotzaileak eta Carlos Garcia Bernal organo jotzaileak.

Herritar ugari izan ziren Antxieta hil zela 500 urte betetzen direla-eta Azpeitiko Udalak, Eresbil musikaren euskal artxiboak, Donostiako Musika Hamabostaldiak eta musika atsegin duten herritar talde batek antolatutako kontzertuan.

Hainbat emanaldi

Urteurrenari lotutako lehen ekitaldia Urrestillako San Joan jaietan egin zuten, Antxietarren herritartasun aldarria izenburupean. Joanes Antxieta musikaria eta Joanes Antxieta eskultorea Urrestillan sortu zirela gogoraratzeko ekitaldian plaka jarri zuten Antxieta plazan.

Izango dira, baina, ekitaldi gehiago ere datozen hilabeteetan. Zehazki, urriaren 27an Joanes Antxietari buruzko hitzaldia eta mahai ingurua egingo dituzte Basazabal jauregian. Pello Leiñena Eresebilen zuzendaria, Ion Bagues zuzendari ohia, Iñigo Alberdi Bilboko Koral elkarteko zuzendaria eta Ignacio Arakistain musikari eta ikertzailea izango dira hizlariak.

Azaroaren 18an, berriz, V. mendeurren kontzertua izango da, 19:00etan, Frantziskanetako elizan. Vandalia ahotsak, Bilboko koral elkarteko Euskeria Koruak, Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketak eta Parrokiko abesbatzak parte hartuko dute emanaldian.

Azken musika emanaldia, berriz, abenduaren 16an izango da, Joanes Antxietaren sine nomine kontzertua. 19:30ean hasita, Soreasuko  Sebastian Donearen parrokian aritko da Antxieta ahots taldea. Bestalde, eguna eta ordua zehazteke badituzte ere, Joanes Antxietaren omenezko ekitaldi instituzionala ere egitekoak dira, Antxieta etxearen aurrean.

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide