Olaia Esnaolak irabazi du Euskadiko II. Kintopeko Harri-jasotze Txapelketa

Julene Frantzesena 2023ko abu. 20a, 09:55

Olaia Esnaola txapelketaren sustatzaileekin. (@ibaiurrutiaphotography)

Ostiralean jokatu zuten lau harri-jasotzailek txapelketa Gernikan, eta Esnaola izan zen nagusi, hiru minutuko txandetan 50 kiloko zilindroa 37 aldiz eta kubikoa 24 aldiz altxatuta. Azpeitiarra "gustura" da lortutakoarekin, horrelako txapelketa bat irabazten duen aurreneko aldia delako.

Iazko hirugarren postua aise hobetu du Olaia Esnaola harri jasotzaileak, Euskadiko II. Kintopeko Harri-jasotze Txapelketan. Izan ere, iaz egin zuten Gernikan (Bizkaia) lehia horren lehen edizioa, eta hirugarren sailkatu zen Esnaola. Aurtengoan, berriz, lan bikaina eginda, garaipena eskuratu zuen azpeitiarrak.

Ostiralean izan zen txapelketaren bigarren aldia Gernikan, eta lau harri-jasotzailek parte hartu zuten: Esnaolaz gain, Udane Ostolazak, Maddi Gesalagak eta Naroa Arrutik. Horiek 50 kiloko zilindroa eta kubikoa altxatu behar izan zituzten hiruna minutuko txandetan. Esnaola izan zen altxaldi gehien egin zituena. Hain zuzen ere, zilindroa 37 aldiz igo zuen, eta kubikoa, berriz, 24 aldiz. Gesalagak altxaldi bat gutxiago egin zuen, eta Ostolazak –iazko txapelduna– bi.

Azpeitiarra "gustura" da lortutakoarekin, horrelako txapelketa bat irabazten duen aurreneko aldia delako. Hark azaldu duenez, uste baino hobeto doakio denboraldia. Izan ere, Gipuzkoako Kintopeko Txapelketan bigarren egin zuen eta duela bi egun jokatutako Euskadikoan garaile izan zen. "Gipuzkoako txapelketara oso urduri joan nintzen, baina gustura sentitu nintzen gero; lan ona atera zitzaidan, gainera. Euskadikoan ere urduri nengoen, baina ez nuen oso gustura jardun, nahiz eta txapela lortu nuen eta ezin naizen kexatu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide