Klik!

Argazkigintza, zaletasun eta pasio

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 21a, 09:00

Ruben Montori, argazki kamara aldean duela. (Utzitakoa)

Argazkilaritzarekiko pasioa eta rally munduarekiko zaletasuna uztartzen ditu Ruben Montorik (Azpeitia, 1993). Duela hamar urte hasi zuen abentura, eta gaur egun punta-puntako argazkiak egiten ditu. Milaka argazki ditu jasota, eta horietako askok kirol arloko profesionalen eta gidarien aitortza jaso dute. 2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako argazki erreportajea da honakoa.

EKINEZ EGINA

Betitik izan da rallyen zalea Montori, baina duela hamar urte bere bi zaletasunak uztartu zituen: lasterketetan argazkiak ateratzen hasi zen amaren argazki kamera zaharrarekin. Irudiak hartzearen esperientzia gustatu egin zitzaion, eta hainbat lagunekin hitz egin ostean, argazki kamera berria erosi zuen. Orduan hasi zen azpeitiarraren ibilbidea. Askotariko tutorialak ikusi, ikastaroak jaso eta argazkigintzan aritutako kideekin hitz eginda lortu du gaur egun duen jakintza. "Inbertsioa handia izan da, baina merezi izan du", kontatu du. Gaur egun hainbat kamera eta objektibo ditu, eta milaka argazki gordeta.

 

ALTXORREN PARE, GORDETA

Digitalean nahiz formatu fisikoan –paperean, plastikoan, metalean...– ditu gordeta azken urteotan ateratako argazkiak, ondo sailkatuta. Horietako asko, gainera, altxorren pare gordetzen ditu, liburuxketan; izan ere, hainbat piloturi lasterketetan ateratako argazkiak gidarien sinadura eta guzti ditu jasota. "Oroitzapenak eta egindako lana gordetzeko modu bat da", esan du.

 

ABIADURA IZOZTEKO GAITASUNA

Argazkilaritza munduan aritzen direnek badakite abiadura motelean abiadura handiko uneak hartzeak zer-nolako zailtasunak dituen. Argazki hau horregatik da berezia Montorirentzat. "1/20ko abiaduran atera nuen argazkia, eta uste dut autoa fokatuta harrapatzea lortu nuela. Horrek egiten du berezia irudia", dio. Era berean, nabarmentzekoa da autoaren keak utzitako arrastoak ematen dion konposizio itxura ederra. Nafarroako Los Arcos zirkuituan ateratako irudia da.

 

BERTAKOAK, ETXEAN

Euskal Herritik kanpoko probak ikustera joatea atsegin du Montorik, baina etxetik gertu jokatzen diren rallyak ere kuttunak dira azpeitiarrarentzat. Lasterketa horietako bat da Urrakiko Igoera. Argazki honetan Iñaki Alberdi gidaria harrapatu zuen Montorik, atzean Azpeitia ikusten dela. "Herrian guztiok ezagutzen dugun gidaria da Alberdi, eta azpeitiarrontzat berezia den proba da Urrakiko Igoera", adierazi du.

 

AIREAN GOZO, AUTOA AGURTZEKO

Dani Sordo gidari ospetsuari La Rocako pistan ateratako argazkia da honako hau. Sordok Munduko Txapelketako auto ofizialarekin parte hartu zuen lasterketan. Gasolinadun autoarekin jokatu zuten azken proba izan zen, ondoren ibilgailu hibridoak erabiltzen hasi baitziren. Une berezia izan zen Montorirentzat, Sordoren aitak eman baitzion argazkia leku horretatik ateratzeko baimena.

 

AUTOAK BAI, PAISAIAK ERE BAI

2023ko Gabiriko Rallysprintean ateratako argazkia da hau, eta irudia bera baino gordetzen duen esanahia da garrantzitsua Montorirentzako; izan ere, Lagun Artea eskuderiak antolatu izan du urteetan Gabiriko rallya, baina aurten utzi egingo dute antolaketa. Hori dela eta, egindako "lan mardula" eskertzeko aukeratu du argazkilariak irudi hau bilduma honetarako. "Rallyak, autoez gain, jokatzen diren inguruneagatik ere badira berezi", azpimarratu du Montorik.

 

LEHERKETAREN UNEAN, KLIK

Montorik ateratako argazki hau hainbat txokotara iritsi eta birala egin zen. Fitoko Nazioarteko Igoeran ateratako argazkia da, Asturiasen. Argazkilari azpeitiarrak motorrak une zehatz batean kanporatzen duen sua harrapatzea lortu zuen, eta aipatu duenez, "oso zaila" izaten da hori. Gaur egun Montorik gehien preziatzen duen irudietako bat da.

 

LEKU ETA EGUN BEREZIAK

Izarraitz skate parkearen lehen urteurrenean ateratako argazkia da honako hau. Bertan, Sergio Layos bmx riderra ageri da, airean, zerutik jauziko balitz bezala. Montorik adierazi duenez, skate munduan ere badira argazkiak ateratzerako unean kontuan hartu beharreko zera batzuk; abiadura ez ezik, jauziari perspektiba ematea garrantzitsua da. Era berean, argazki honetan Izarraitz mendilerroa harrapatu nahi izan zuen Montorik, baita skate parkean bildutako jendetza ere.

 

KARNABALAK, GUSTUKO PLAZA

Lasterketena edo kirol ikuskizunena ez ezik, herriko festen zalea ere bada Montori, eta une gogoangarriak irudietan harrapatzearen zalea ere bai. Honako argazki honetan berarentzat eta beste azpeitiar askorentzat berezia den Jai Karnabaleko zezenaren irteera harrapatu zuen. Hark azaldu duenez, hainbatetan parte hartu du Sokamuturra Argazki Lehiaketan, "zorte handirik gabe". Irudiak adierazten duen "zirrara" eta jendearen "emozioak" nabarmendu ditu Montorik.

(Argazkiak: Ruben Montori)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide