Irailaren 5ean hasiko dira Kodaore elkartearen Azpeitiko judo eskolak

Ane Olaizola 2023ko abu. 28a, 15:38

Kodaorekoek santioetan Azpeitiko plazan eskainitako erakustaldiaren irudi bat.

Astearteetan eta ostegunetan izango dira eskolak, judo elkarteak Landetan duen lokalean. Iaz bezala, hiru multzotan egingo dituzte saioak, bakoitza bere ordutegiarekin.

Irailaren 5ean, datorren asteko asteartean, hasiko da Kodaore judo elkartearen ikasturte berria Azpeitian. Iaz bezala, astean bi egunetan emango dituzte judo eskolak Kodaoreren Landetako lokalean: astearteetan eta ostegunetan, hain zuzen ere.

Egun horietan, adinaren eta ordutegiaren arabera banatutako hiru saio eskainiko dituzte han: 5 eta 7 urte artekoentzako klaseak 17:30etik 18:30era izango dira, 8 eta 12 urte artekoentzakoak 18:30etik 19:30era, eta 12 urtetik gorakoen saioak 19:30etik 21:00era arte egingo dituzte.

Azpeitian ez ezik, elkarteak Azkoitian ere ematen ditu judo eskolak, 5 urtetik gorako herritarrentzat. Astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko dituzte hango saioak, 19:30etik 20:30era artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide