Oinezkoentzako ere itxita dago Iñaki Azpiazu eta Esklaben arteko bidea

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 29a, 11:33

Esklaben ataria urbanizatzeko lanak. (Maialen Etxaniz)

Joan zen astetik itxita dago oinezkoentzako bidea, alokairu sozialeko etxebizitzetako obrak tarteko. Eguraldiaren arabera gehiago edo gutxiago luzatuko dira ingurua urbanizatzeko lanak, baina horiek "hamabost egunen buruan" amaitzea aurreikusten dute. OCISA enpresa ari da eraikuntza lanak egiten. 

Esklabetako eraikinaren eta Iñaki Azpiazu kalearen arteko errepidea itxita dago ibilgailuentzat nahiz oinezkoentzat joan zen astetik. Esklaben ekialdeko hegalean eraikitzen ari diren alokairu sozialeko etxebizitzen obrak tarteko itxi dute bidea. Hain zuzen, lehen jolaslekua zena urbanizatzen ari dira, eta lan horien ondorioz ibilgailuentzat bidea itxi zuten ekainean. Orain, oinezkoentzako ere itxi dute bidea, baina lanok hamabost egunen buruan, irailaren 18rako, amaitzea aurreikusten dute. Eguraldiaren arabera zetxobait luzatu daitezke ingurua oinezkotzeko lanak. 

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak 2021ean esleitu zituen Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko bizitokiak egiteko obrak, eta Obras y Construcciones e Instalaciones (OCISA) enpresak irabazi zuen lehiaketa. Horrenbestez, OCISA ari da eraikuntza lanak egiten. Obrak egiteko aurreikusitako aurrekontua 5.459.603,64 eurokoa zen 2021ean, eta 26 hilabeteko epean amaitzea aurreikusi zuten. 

Alokairu sozialera bideratuko den guneak, guztira, 7.951 metro koadro ditu, eta 48 etxebizitza egiteaz gain, ingurua urbanizatuko dute. Eraikinak ondare balioa du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide