Herrian ikastaroren bat eman nahi dutenek proposamenak aurkezteko epea ireki du udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 30a, 12:27

Puntua egiten. (Pixabay)

Irailaren 15era arte aurkez daitezke udaletxean 2023-2024 ikasturteko aisialdi programaren barruan emateko ikastaroen eta tailerren proposamenak.

Azpeitiko Udalak ireki du 2023-2024 ikasturtean bere aisialdi programaren barruan herrian ikastaroren bat eman nahi dutenei zuzendutako deialdia. Hain zuzen ere, irailaren 15era bitartean aurkez ditzakete horiek ikasturtean zehar emango lituzketen ikastaroen eta tailerren proposamenak.

"Gaur egunean herritarren beharrak asetzeko ikastaroak emateko aukerak sustatzea" da udalaren aisialdi programaren helburua, eta deialdi honetara aurkezten diren ikastaroek "interes publikoa edo soziala" izan behar dutela adierazi du erakundeak, zenbait ezaugarri zehaztuz: "aisialdiko eta denbora libreko aukerak bultzatzea", "eskulanak bultzatzea, bizitzan jarduteko jarrera positiboak eskuratzeko", "gizarte harremanak erraztea, talde batean txertatzearen bidetik", edota "orain arteko arrakasta ikusirik, adina eta generoa integratzen dituen ikastaroak" izatea sustatu nahi du udalak ikastaroen bitartez.

Ikastaroak eman nahi dituztenek eskaera orria beteta eta ikastaroaren nondik norakoak azaltzen dituen txostena aurkeztu behar dute aipatutako epearen barruan udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ). Txostenean, "gutxienez" honakoak jaso beharko dituzte: ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa eta ikastaroa nori zuzenduta dagoen. Udala, bere aldetik, aukeratzen dituen proposamenei propaganda egiteaz arduratuko da, eta lokala utziko die ikastaroa emateko. Horretarako, bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak jasoko dituen hitzarmena sinatuko dute bi aldeek.

Informazio gehiago behar dutenek HAZen eta Hezkuntza Zerbitzuan eska dezakete. Ikastaroak eman ahal izateko udalak zehaztutako irizpideak ere kontsulta ditzakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide