Telmo Deuneko azpeitiarrak, Kontxara

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 31a, 17:11

Amane Jimenez eta Leire Ibar, atzo Donostiako portuan, Kontxara sailkatu berritan. (Telmo Deun)

Erakustaldia eta ezustekoa emanda, Kontxako Banderarako sailkatu ziren atzo Zumaiako Telmo Deuneko neskak, tartean Ainhoa Segurola, Mirian Garagartza, Leire Ibar eta Amane Jimenez azpeitiarrak. Itsaso zakarra izan zen atzoko protagonistetako bat, baina horrek Zumaiako taldearen mesedetan jokatu zuen. Jimenez da patroia, eta egindako lanarekin "oso pozik" agertu da. Leire Ibar arraunlariak azaldu du "gozatzera" joango direla Kontxara, baita "ahalik eta lan onena egitera" ere. Donostiako Estropadaz haratago, Euskotren ligako play-off kanporaketak ditu jomugan ontzi gorriak.

Arraun egiteko baldintza gogorrak bezain zailak izan zituzten atzo, asteazkena, Kontxako Banderako sailkatze proba jokatu zuten hemezortzi traineru parte hartzaileek. Zazpi txartel zeuden jokoan –zortzigarrena Donostiarrak ziurtatuta du–, eta izan zen ezustekorik. Eskualdeko hiru ordezkarien artean, Oriok eta Zumaiak lortu zuten Donostiako Estropadan aritzeko txartela, eta ETE ligan lehiatzen den Zumaiako taldea laugarren sailkatu zen Euskotren ligako liderren ondotik. Lehorrekoak izanagatik, Telmo Deuneko kideak dira Ainhoa Segurola, Mirian Garagartza, Leire Ibar eta Amane Jimenez azpeitiarrak, eta atzoko lorpena dastatzen ari dira oraindik. Egindako lanarekin "oso pozik" agertu dira Jimenez eta Ibar. Telmo Deuneko patroia da Jimenez eta arraunlaria Ibar. 

"Donostiako estropadak jokatzeko sailkatu nahi genuen, baina ez genuen espero laugarren postua eskuratzerik. Sailkatu ginela jakin genuenean oso gustura hartu genuen albistea, baina laugarren denborarik onena eskuratu eta play-offetan aurkari zuzenak izango diren Kaikuren eta Hibaikaren aurretik egin genuela jakin genuenean, are gehiago poztu ginen", adierazi du Jimenezek. Antzeko sentipena izan zuen Ibarrek ere: "Kontxara sailkatzea zaila zela bagenekien, Euskotren ligakoek koska handia kentzen digutelako. Hala ere, bagenuen esperantza, baita gogoa ere. Dena ematera eta gozatzera joan ginen". Ibarrek azpimarratu du "indar handia" eman diela lorpenak.

Zumaiako neskak atzo Donostiako portura sartzen. (Telmo Deun)

Kaiku eta Hibaika, gertuko aurkari

Itsaso zakarra aldeko izan zuten atzokoan Zumaiakoek; izan ere, Telmo Deunekoek itsasoa mugituta egotea nahiago dute lehiarako unean. "Nahiago dugu itsasoko estropadetan urak zakar egotea, ondo moldatzen garelako. Badirudi gure alde egiten dutela eguraldi eta itsaso zakarrak, eta atzo horrela izan zen. Hala ere, estropadan zehar atera genituen grinak eta amorruak eragina izan zuten emaitzan, eta lan polita egin genuela esango nuke", adierazi du Jimenezek. Ibarrek, bere aldetik, azaldu du arraunerako "baldintza gogorrak" izan zirela atzo: "Itsaso zakarrean aritzeko irrikaz geunden. Atzo, ordea, beldur pixka bat ere izan genuen, oso nahasia baitzegoen itsasoa. Patroiak lan asko egin behar izan zuen, eta arraunerako baldintzak gogorrak ziren. Dena den, ondo atera zitzaigun, eta oso pozik gaude egindako lanarekin". Taldea "gogotsu" ikusi zuen patroiak, eta kontzentrazioa nabaria zela aipatu du Jimenezek: "Taldea oso gogotsu zegoen, eta oso ondo ikusi nuen. Entrenamenduetan ere lehiarako gogoa nabaria zen; ez geneukan besterik buruan. Oso kontzentratuta joan ginen Donostiara. Eguraldi txarra eskatu genuen, eta horrela egin zuen. Beraz, zera esan genuen: 'Bai ala bai egin behar dugu'. Eta horrela izan zen".

Hainbat izan ziren Telmo Deun animatzera Donostiara joan zirenak, eta haien babesa nabaritu zuten arraunlariek. Jimenezek, gainera, Kaikuko aurkarien laguntasuna azpimarratu du: "Jendearen babesa ikustean hasi ginen ohartzen Kontxako Bandera jokatzeko sailkatu ginela. Bertaratu ziren zaleen babesa handia izan den. Hala ere, azpimarragarria da Kaikuko neskek egin ziguten harrera. Portura iritsi ginenean txaloz hartu gintuzten, eta horrek erakusten du aurkariak izanagatik lehia osasuntsua dela gure artekoa. Gu ere asko poztu ginen haiek sailkatu zirela jakitean".

Bi igande "eder", aurretik

Datorren igandera begira zer aurreikuspen dituzten galdetuta, Telmo Deuneko patroiak esan du oraindik ez dutela baloraziorik egin, baina aurreratu du "gauzak ondo egitera" joango direla: "Oraindik ez dugu tarterik izan igandeko estropada baloratzeko. Dena den, uste dut, behin Donostiako estropadan sartuta, gure onena ematera joango garela. Atzoko maila ematen saiatuko gara, baina badakigu gauzak txukun egin behar ditugula. Txanda berean Kaikurekin eta Hibaikarekin aritzea aukera ona izango da play-offen aurretik bakoitza zer mailatan dagoen ikusteko. Orio, aldiz, Kontxa irabaztera doa, eta haiekin lehiatzea beti da zaila, beste maila batean baitaude. Dena den, beraien parean jarrita, ez gara gutxiago sentituko". Ildo beretik mintzatu da Ibar. Hark ere uste du Kontxako esperientzia "baliagarri" izango dela irailean jokatuko dituzten Euskotren ligako play-offetarako: "Ahalik eta lanik onena egitera joango gara Kontxara, baina batez ere gozatzera. Aurkari gogorrak ditugu parez pare. Orio Kontxako Bandera irabaztera doa, eta gu Kontxan sailkatzera gindoazen. Hor aldea dago. Hala ere, interesgarria da Kaikurekin eta Hibaikarekin batera lehiatzea; izan ere, mailaz igotzeko play-offetan haiekin neurtuko ditugu indarrak. Beraz, Kontxan ikusiko da nola dagoen bakoitza". Era berean, traineru gainean aritzeko parada eskainiko die Kontxako Banderak Zumaiako arraunlariei, eta hori "positiboa" dela uste du Ibarrek: "Joan zen igandean amaitu genuen liga. Irailaren 16an eta 17an play-offak jokatuko ditugu, eta Kontxan sartzeak trebatzen jarraitzeko aukera emango digu. Sailkatu ez bagina, estropadarik gabe egongo ginateke play-offetara bitarte". 

Datozen bi asteak "bereziak" izango dira Telmo Deuneko neskentzat. "Azken asteetan estropada hau izan dugu buruan. Orain, gure helburua da datozen bi asteetan dena ematea, bai entrenamenduetan, baita traineru gainean ere. Denboraldiaurrea zukutzea nahi dugu, eta play-offetarako indarrak biltzea. Esperientzia honek horretan lagunduko digu. Bi igande polit ditugu aurretik, ingurukoak eta zaleak han izango baitira. Ikusi da ezustekoa eman dugula, eta play-offetan ere dena ematen badugu gora igo gintezke; horren bila goaz", azaldu du Jimenezek. 

Ainhoa Segurola, Mirian Garagartza, Leire Ibar eta Amane Jimenez infantil mailan hasi ziren Zumaiako klubean aurraunean. Ez dira adin berekoak, baina orain laurak elkarrekin ari dira arraunean. "Lau azpeitiarrok traineru berean aritzea eta emaitza hauek eskuratzea oso polita da", adierazi du Ibarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide