Olatua buka ez dadin

Jone Bastida Alzuru (Berria) 2023ko ira. 1a, 11:28

(Argazkia: Pixabay)

Jone Bastida kazetari eta Lagun Onakeko kide azpeitiarrak analisi hau idatzi du Berrian Rubiales auziaren haritik.

Egunotan denon ahotan dabil Luis Rubialesen auzia. Egindako erasoa. Erakutsitako jarrera matxista, misoginoa. Agintekeria. Boterea. Pribilegioa. Erasoen normalizazioa. Gizonkeria. Eta futbolak eztanda egin du; futbol sistemak krak egin du.

Noski, beharrezkoa da jazotakoaren inguruan hitz egitea, duen garrantzia ematea, gertatutakoa salatzea. Baina ez gaitezen engaina: hau guztia izozmendiaren punta baino ez da, azaleratu dena baino ez. Ezinbestekoa da azpian dagoenari ere erreparatzea, eta hortxe dago gakoa: futbolaren egitura, sistema bera, ustelduta dago. Eta hein batean, horrek ahalbidetu du jazo dena gertatzea, eta modu horretan gertatzea.

Duela hilabete batzuk, Espainiako selekzioko zenbait jokalarik –tartean euskal futbolariak– ahotsa altxatu zutenean, haien aldarrikapenak zapaldu eta gutxietsi zituzten; jokalariei profesionaltasun falta egotzi zieten, eta kritikatu egin zituzten. Aldiz, Rubialesen, Vildaren eta ingurukoen agintea, posizioa eta jarrera ez zuen inork kolokan jarri. Ez zitzaion inori komeni. Orduan ere bazegoen itzal handi hori, baina isiltasun konplizea izan zen nagusi. Eta, orokorrean, futbolean dagoen isiltasun konplize horrek ere egin du posible indarkeria betikotzea.

Oraingoan, beste behin, gizarteak erasoa jasan duena jarri du fokupean, eta haren erreakzio eta mugimendu guztiak lupaz aztertu dituzte –berriz ere, erasotzaileak jasan balu bezala erasoa, eta erasoa jasandakoa balitz bezala erasotzailea–.

Bitartean, aurpegirik gabeko komunikatu asko ere ikusi ditugu. Posizionatu diren klubak eta federazioak, baina izen-abizendun gizonezko jokalari, teknikari edo zuzendaritzako kide apur batzuk baino ez. Eta zalantza ea ohar horietako zenbat ote diren egiaz zintzoak, hausnartuak; ala ez ote diren izan egoerak behartutako adierazpenak, politikoki zuzenak. Izan ere, Rubialesen erasoaren aurrean, feminismoaren erantzun zabala egon da. Olatu bat, inguruko guztiak busti dituena. Baina olatura batzeko borondatea ere behar da. Ez du balio kritika adierazpenak egin eta geldirik geratzeak, eskuak garbitzeak (alegia, arnasa hartu, eta olatuaren azpian ezkutatzeak, hura noiz igaroko); beharrezkoa da autokritika egitea, norberaren etxea aztertzea, zilborrera begiratzea, jarrerak analizatzea: hizkera, moduak, kudeaketak, lehentasunak, egunerokoa. Eta horri aurre egiteko erabakiak hartzea. Futbola Rubialesez beteta baitago, eta ez elitekoa soilik. Eta ez Espainian bakarrik, Euskal Herrian ere bai. Finean, biolentziaz beteta dagoen eremu maskulino bat da futbola.

 

(Jarraitu irakurtzen Berriaren webgunean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide